Reality show. Errealitatea ikuskizun bihurtzea. Morboa pizteko. Ikusleak hunkitzeko. Azken batean, audientzia lortzeko. Reality gehienetan, jendearen miseriez baliatzen dira. Laguntza eskaintzen diete: dirua lortzeko, arazoak konpontzeko, ametsak betetzeko. Jendaurrean beraien sentimenduak agertzearen truke.
Sarritan, pertsona desesperatuak aukeratzen dituzte. Seko akonplexatuta daudenak. Diru premia larria dutenak. Seme-alabekin zer egin ez dakiten guraso deskiziatuak. Arazoa zenbat eta potoloagoa, hobeto.
Bada itxurarekin eta edertasun ereduekin jokatzen duen reality amerikar bat: Extreme Makeover. Gorputz «inperfektuak» goitik behera aldatzen dituzte. Kirurgia estetikoa egiten diete, liposukzioa. Zimurrak kendu, hortzak konpondu. Ahate itsusia zisne bihurtuta itzultzen da etxera. Baina familiakoentzat pertsona ezezaguna da.
Amerikarra da erditzeak erakusten dituen programa ere. Ohiokoa. Ospitalean sartzen diren momentutik, 40 kamera dituzte grabatzen. Erditu aurreko kezkak agertzen dira. Kontrakzioen mina. Malkoak, garrasiak. Osasun zerbitzua «debalde» ateratzen zaie. Antzeko beste reality bat sexu organoetan arazo larriak dituztenei zuzendutakoa da. Ebakuntzak egiten dizkiete. Mundu osoak beraien alde intimoenak ikustea da ordaindu beharreko prezioa.
Azkenaldian hautsak harrotu dituen programa, baina, Danimarkakoa da: Blachman show. Bi gizon sofa batean eserita daude, eta emakume bat haien aurrean biluzten da. Gizonok emakumearen gorputza aztertzen dute, eta komentarioak egiten. Telebista publikoan eman dute. Eta batzuei «inoizko programarik sexistena» iruditu zaie. Bachmanek, ordea, poesia egiten dutela dio: «Emakumearen gorputza desiratzen dago gizonen iritzia entzuteko». Ejem.
Alde gizatiarra erakusteko aitzakiarekin, pertsonak objektu bihurtzea. Reality show.
Larrepetit
'Show'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu