Lankide batek esan didana egia baldin bada, Larrepetit honi emandako izenburuarekin dagoeneko uxatu ditut zenbait irakurle. Lerro arteetan gelditu bazara, beharbada, nik jarri nion aurpegi bera izango duzu. Alegia, zer duten hitz hauek, ba? Telebistan ba ei dira saihestu beharreko eleak, horixe da azaldu zidana. Antza denez, hitzok esan eta atoan jendeak alde egiten du; telebista edo irrati-katea aldatzen du. Berba hauek ez dute gure beldur atabikoekin zerikusia; alegia, heriotza-k eragin dezakeen gure barne izua ulertzen dudala. Hitz hauek guztiek, baina, kulturarekin dute zerikusia. Kulturak beldurtzen gaitu? Lankideak argi eta garbi esan zidan: frogatuta dago. Shakespeare, punk, jazz edota musika klasikoa esan eta eskapua berehalakoa bide da (teoria hau egia baldin bada, pentsatzen dut pintura abstraktua edota abangoardiako dantza hitzek ere efektu bera eragingo dutela). Hamaika azalpen izan litzake honek, baina lankidearen aburuz, ikus-entzuleek maila intelektual altua ikusten diete berboi, eta ulertzeko gai ez direla izango uste dute. Autoestimurik eza?
Norbanako moduan kultura adierazpideak jasotzeko dugun jarrera, eta norbanako izateari utzi eta jende bilakatzen garenean agertzen dugun jarrera berbera da? Geure burua gutxietsi egiten dugu ala benetan nahikoa gaitasunik ez dugu zenbait kultur adierazpide jasotzeko? Erosoago bizi gara lautasunean? Agintzen gaituztenek nahiago dute lautasun kulturalera lerratuta bagaude? Eta mugarriak gainditzen joateko gizakiak, ustez, duen joera non galdu zaigu? Alegia, ez ditugu Shakespeare eta jazza ulertzen, ados, baina unibertso horietan sartzeko kuriositate ñimiñorik ere ez dugu? Pasibotasunak bizi gaitu, nonbait.
Mikel Laboaren kantuarekin gogoratu naiz: «gure hitzak esan, berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal». Azken hitzotan norbait geratu bada; Shakespeare, punk eta jazz.
Larrepetit
Shakespeare punk jazz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu