Adriano enperadoreak (76-138) oraino quaestor baino ez zenean Erromako senatuaren aurrean hitz egin eta Historia Augusta-k dio senatariek barre egin ziotela haren ahoskera traketsagatik. Adriano gizon arras ikasia omen zen, ordea, grezieraz ondo jantzia. Betikan (Hispania) jaioa izan: hor zegoen kontua.
Inperioko probintzia bakoitzak bere ahoskera omen. Kintilianok garbi dio (K.o. I. mendea): «Nola brontzeak beren tintin-hotsagatik, hala bereizten ditugu gizon batzuk besteetatik beren hitzen soinuagatik». Bazekien zertaz ari zen, bera izatez kalagurritarra baitzen, hots, beharbada baskoien semea. Baliteke erromatar petoa ez izate horrek bulkatzea latin erretorika eta gramatika sakon aztertzera. Gurasoek, aitona-amonek, ingurukoek latinez hala-hola egiteak.
Euskal mintzo zaharrek ⎯Mitxelenak euskaro zeritzen haiek⎯ Hispaniako latinari eman ziotenaz jarduterakoan abarka edo vega hitzak irteten dira aurrenik. Alta, gizatalde osoak elebidun bihurtzen direnean, ohikoa da bigarren hizkuntza erdipurdi ikastea, behar beste hiztun onik izan gabez, besteak beste. Hots berriak nola-hala ahoskatu beharrez beren hotsak oparitzen dizkiote hizkuntza berriari, eta joskera berria ikasi ezinik euren ohiko joskera.
Espekulatzea besterik ez zaigu gelditu ukipen hartatik euskaroaren eraginaren aldetik. Alabaina, elebidun haiek gaurko euskararen arnasguneetatik urruntxo ere bazeuden: Kalagurris hartan, kasu. Tazitok Analetan kontatzen du K.a. 25. urtean pretor baten hiltzailetzat joa zen Tiermes-ko (Soria) nekazari batek zioela ez zituela bere gaizkideak salatuko «Voce magna, sermone patrio»: oihuka, bere hizkuntzan. Ai, oihu horiek transkribatu balitu!