Larrepetit

Senatari izan nahi dut

Hur Gorostiaga.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskundeak omen ditugu igande honetan. Frantziako senatariak dira hautatzekoak eta Ipar Euskal Herria irensten duen Pirinio Atlantikoetako departamenduari 3 besaulki dagozkio. Baina herritarrek ez dugu bozkatzerik, «hautetsi handiak» dira bozkatzen dutenak, hots, diputatu, kontseilari nagusi, eskualde kontseilari eta herriko etxeetako ordezkariak. 700 bat ordezkari Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoakoak, igande honetan Pauera joanen direnak bozkatzera goizean lehen itzulian eta arratsaldean bigarren itzulian, goizean sufragioen laurdena lortu dutenen artean hautatzeko. Bozkatzera joaten ez denak 100 euroko isuna ordaindu beharko du.

63,5 urte batez beste duten 343 senatarietarik erdiek ez omen dute zangorik ere sartzen goi ganbera aterbetzen duen Pariseko Luxembourgeko jauregian. Izan ere, ez dago senatarien parte hartze datu ofizialik. Beste parlamentariek ez bezala, ez dute asistentziarik izenpetu behar hilabete guziz 11.000 euroko soldata eta kalte-ordaina jasotzeko.

Frantses hedabide batek egin duen parte hartzeari buruzko ikerketaren arabera, 343ko zerrendadik azken putzen artean Miarritzeko senataria dago, Didier Borotra zentrista 341. tokian. 20 urtean hamar bat aldiz ikusi omen dute Luxemburgeko jauregian. Auguste Cazalet biarnesak (UMP) 257 garren tokia du eta Annie Jarraud-Vergnolle angeluarrak 65.a.

Datuek ematen dute zer pentsatua, jakin badakigularik Gobernuaren kontrolean eta legegintza prozeduran Senatuak duen garrantzia. Hautesleei bezala asistentzia ezagatik isunen bat ezarriko baliete... Bederen, lehen 9 urterako hautatzen ziren, orain 6 urtera jaitsi dute. 6 urte hala ere, inolako konturik eta azalpenik nehori eman behar izan gabe. Nik ere senatari izan nahi nuke, eta prest nago beharrezkoa den ikastaldiak egiteko saioetan nola lokartu behar den ikasteko, bertara joaten diren hautetsi gutietarik frankok egiten duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.