Iñigo Aranbarri.

Selfie

2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Gazatik zuzenean, ehunka irudi egunero logelaraino. Begiak erretzerainokoak gehienak eta, hondamendiaren katalogoan, genero berezi bat: israeldar soldaduak barrez, jolasean, antzezpen komikoan. 

Bada bat, orain dela aste batzuk zabaldu zena, asmo estetiko garbiz egina. Urrunetik ari da begia beha: kameraren aurrean, hamar soldadu, selfiea ateratzen. Uniformeen berdeak ematen dio kolorea argazkiari. Ikusgarria da kontrastea. Atzean, lurrarekin berdindutako etxeen hildako kolorea. Eragindako txikizioa orroka dela, egin liezaioke inork irribarre kamerari? 

Ikustea ekintza politikoa da, errealitateaz dugun iritziari eragiten dio. Eta hain zuzen horrexegatik ez dituzte zabaltzen munduko agentzia handiek beste horiek, israeldar soldaduek eurek ateratako lagun arterako argazkiok: soldaduak ama palestinar gisa jantzita, panpinak altzoan eta negar plantak eginez; soldaduak bide ertzean tirokaturiko palestinarren gorpuei txiza eginean; soldaduak hil berri dituzten haurren jostailuekin jolasean….  

Auschwitzen, norberaren luzimendurako aplikazioen furian, gero eta sarriago isuntzen dira turistak biktimekiko errespetu falta legez hartzen diren argazki friboloak ateratzeagatik. Atxiloketak ere izan dira. Gazan, dimentsio ankerragoa hartzen du guztiak. Ez dira bisitari kaskarinak, borreroak eurak dira selfiegintzan. Ez dira argazki friboloak, norberak eragindako sarraskiaren gaineko josteta kulturala da. 

Behatze hutsetik harago ikusteak, zioen John Bergerrek, galdetzea dakar, interpretatzea eta ulertzea. Eta horra selfiotan erantzuna. Agian hauxe da, orain eta hemen, mundu zibilizatuak bere buruaz egin lezakeen erretraturik zintzoena.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.