Hedoi Etxarte

'Sarri, Sarri' eta kartzelaren abolizioaz

2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Angela Davisek azken liburuan idatzi duenez, historiaren ikuspegitik «presoek eskubide zibilen jabe ere izan behar luketela nozio aski berria da». Tokian tokiko konstituzioak erabiltzen dira «krimenengatik zigorturiko herritarrei eskubideak kentzeko», baina, AEBetan bezala, Euskal Herriko kartzeletan dagoen presoen profila ez da gizartearen adierazgarria. Beste alor batzuetan bezala, AEBen itzalari jarraikiz, kontuan hartzekoa da Davisek AEBetako kartzelez (eta kartzelak suntsitzeko mugimenduaz) egiten duen historia. Jasotzen ditu 1831n hainbat kartzelatara Alexis de Tocquevillek eta Gustave de Beaumontek egin zuten bidaian idatzitakoa: «AEBetako kartzela-sistema gogorra da. AEBetako gizartea askatasunik handienaren eredu izanik ere, despotismorik handienaren ikuskizuna eskaintzen dute hango kartzelek. Legearen pean dauden herritarrak legearen babespean daude; gaiztoak bilakatzen direlarik uzten diote aske izateari».

Kartzelak funtsean desagertu direla hasi naiz entzuten azkenaldian abolizioaren aldeko militanteei. Alegia, oso kasu jakinak betetzen dituzten hamarka mila pertsona horietako bat ez bazara (migrazioa, drogak, buruko gaixotasunak, bazterketa soziala) ia ezinezkoa dela kartzelan bukatzea. Beraz, are interesgarriagoa da pentsatzea, Fermin Muguruzak Martutenen berriki Sarri, Sarri jo duela-eta sortu den kalapitak ze eragin izango duen euskal kartzeletako presoentzat, gizarteko kolpatuenentzat. Alegia, antza denez, hemendik aurrera edozein kultur proposamenek zenbait balio bete beharko ditu. Ez naiz ni hemen, marko liberaletik, adierazpen askatasunaren defentsan jardungo, nahiz eta uste dudan, eztabaidatzekotan, kalean bezala barruan, kultur proposamen nabarmenen alde egin beharko litzatekeela eta ez, ustezko borondate onezko doktrinamendutik (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola batzuetan Gogorari esker 1968-2011ko gatazka armatuaz egiten den bezala).

Alegia, presoei aukera ematea historiaz eta arteaz ikasteko, kritiko izateko, ze, egia esan, Justizia sailburu Maria Jesus San Jose entzunda, uste dut oso zalantzan jar dezakegula arteaz, are kartzelak munduan bete behar duen tokiaz publikoki eztabaidatzeko prest legokeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.