Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Sarkinak

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Orain hogei urte Luiz Inacio Lula da Silva presidenteak kargu-hartze hitzaldian esandakotik, esaldi bat denon gogoan: asean eta betean amaituko zukeela agintaldia brasildar guztiek egunean hiru otordu egingo balituzte. Fome Zero deitu zion egitasmoari; alegia, Goserik Ez.Ez zen iraultza, baina hobe zintzotasunetik bertatik erakustea elkartasunaren zimurrak. Ideia bera darabil Bertolt Brecht-ek Gauerako aterbea hamaika bider kantatuan: «Mundua ez da era hortan aldatzen/jendearen hartu-emanak ez dira hobekitzen/zama-aroa ez da hola laburtzen/baina pertsonek gau batez ohea dute».

Eta hain zuzen asmo horrexekin jo dute Donostiako udal bilkurara hainbat elkartasun kolektibok eskatzeko izateko negu guztian zabalik La Sirena aterpetxea, gaua kalean ematen dutenek eduki dezaten ohatze beroa. Erantzuna azkar jaso dute udal gobernutik, propina eta guzti Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren aldetik: «intrusismoan» aritzea leporatu die.

Eta ez dabil oker, intrusismoa da eskatzen dutelako protokoloa aldatzea, egokitzea, eta interes turistikoak agerian daudenez, lehentasunak ezartzea. Eta intrusismoa da udalarena izanik laguntzaren monopolioa, ez delako haizu erabaki politikoak zalantzan jartzea. Eta hain zuzen, horrexegatik ez da intrusismoa Eroskik edo Mercadonak egiten dutena, kutxatik igarotzean behin-birritan eskatzea bezeroari «zentimo solidarioak» dohaintzan Ukrainako errefuxiatuen alde edo Gabonetan aski baliabide ez dutenen fabore; intrusismoa ez den bezala EITB Maratoia. Ez alferrik, aurrekontuen ardura dutenak berak dira elkartasun eskean dabiltzanak.

Da Silvak Brasileko oligarkiaren interesen aurka jota bete nahi izan zuen hiru jatorduen egitasmoa. Donostiako Udalak, berriz, goragoko kontrariorik ezean, gauero-gauero borondate hutsez ehunetik gora afari bero prestatzen eta banatzen dituzten sarkinak ditu arerio.

Ederretik libratu zen Laboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.