Aste honetan sare sozialak erotu egin dira sanferminetan emakumeek izaten dituzten erasoen inguruko eztabaidarekin. Aldizkari feminista batek txupinazoan ikusi genituen irudiei buruzko hausnarketa bat publikatu zuen, eta horrek eztabaida sutsua piztu du. Ez ditut matxoen argudioak azalduko, baina jakin ezazue mundua matxistaz josia dagoela. Askoren iritziz: «Emakume batek titi bat erakusten badu, normala da ukitzea eta baita bortxatzea ere». Niri interesgarriagoa iruditu zait genero sentsibilitate minimo bat dutenen artean sortutako eztabaida.
Batetik, batzuen iritziz, irudiak kritikatzea emakumezkoen jarrera kritikatzea ere bada, hau da, txupinazoa botatzen den plaza horretan dauden emakumezkoek gozatu egiten dute gizon horiek eskuak, hamarnaka, gainean dituztenean. Hortaz, irudiak kritikatzean emakumezkoak kriminalizatu egiten dira edo biktimizatu, eta beraien askatasuna urratzen.
Bestetik, beste batzuen ustez—ni barne—, plaza horretan txupinazo egunean irudiek erakusten zigutena salatu egin behar da. Ez emakumezkoen jarrerarengatik, baizik eta gizonen jokabidearengatik. Oso ondo iruditzen zait emakumezkoek gozatzea, gainera, ondo ulertzen dut emakume batzuk plazaz eta txupinazoaz disfrutatzea, baina ez da hori kontua. Ni plaza horretan ez nintzateke inoiz titiak agerian jarriko, eta aurreratzen dizuet festa askotan arazorik gabe titiak bistan ibiltzen diren horietako bat naizela. Ez nuke inoiz testuinguru horretan kamiseta kenduko, dirudienez, nire titi askeek gizonezkoei ukitzeko baimena ematen dietelako. Ez nintzateke jantzita ere sartuko, gizonezko masa batek indarrez biluz ez nezan.
Argi dago, plaza hori erabat heterozentratua dago, eta hortik ateratzen garen gorputzok ez daukagu tokirik, ez, behintzat, toki bera. Sexualitateaz disfrutatzea ez luke izan behar gutxi batzuen pribilegio, denok izan beharko genuke askatasun maila bera.
Larrepetit
San Fermin, min
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu