Bihozgabea behar da izan kalean bizi diren horientzako afariak eskaintzen dituztenen aurrean elkarretaratze bat egiteko. Bihozgabea esan dut, baina agian dagokion moduan izendatu beharko genuke: arrazista behar da izan bizilagun dituzun horiek mespretxuz begiratzeko eta ziurrenik egunean zehar izango duten otordu bero bakarra oztopatzeko. Argiagoa izango naiz: bizilagun dituzun horien aurkako jazarpen sistematikoa bultzatzeko, jarraipenak egiteko, aurrez aurreko enfrentamenduak bilatzeko, indarrez kanporatzeko, eta fitxaketa estraofizialak egiteko, praktika paramilitarren ezagutza behar da izan.
Esajeratua naizela esango duzue. Auzoan bizikidetza sustatu besterik ez duzuela nahi, zuen alaba tren geltokira lasai joan dadin nahi duzuela, ez dituzuela kale bazterrak zikinduta ikusi nahi. Zikinduta diozue, baina arrazializatutako jendez zikinduta esan nahi duzue berez. Bizitoki seguruak nahi dituzuela esango didazue, nola nik ez dudan hori nahiko. Ni beste herrialde batera bizitzera banoa, bertako ohiturak ikasi beharko ditudala esango didazue, eta datozenei gauza bera exijitu behar zaiela. Demokrazian sinisten duzuela esango didazue, eta ez basakerian. Azken argumentu horrek lehenbiziko kolonizatzaileen zibilizazioa vs animaliakeria birproduzituko ez balu bezala. Demokrazian sinisten duzue, nahi duzuenerako, zeren eta 80 pertsonako elkarretaratze bat egiteko baimenik ere ez duzue eskatu. Hori bai, sistema ordezkatzailearen bidez hautatutako zinegotziak ere izan ziren hitzordu horretan. Euskara arriskuan dagoela esango didazue, ez zaretela arrazistak, baina hobe gure seme-alabak ez badira haiekin elkartzen eskolan. Euskaragatik esango duzue, baina beste zerbaitek kezkatzen zaituzte benetan.
Hiritartasunaz ari zarete, baina gorrotoa darie zuen hitzei. Eskerrak baden oraindik maitasunez erantzuten duenik hirian. Xamurtasun erradikalaz, epelkeriarik gabe.