Atzo. Irratian, goizeko zortzietako albistegia. Kazetariak aburu inkesta baten berri ematen du; herritarren erdiak torturaren erabileraren alde agertzen omen dira, bereziki kasu jakin batzuetan («atentatu islamistak eragozteko, adibidez»). Harrigarria, baina ulergarria funtsean. Frantses telebistako 6 kate nagusietan, gau guziz hedatutako polizia serie amerikarretan abokatuak traba gisa aurkeztuak direlarik eta jazarpena poliziaren esku den tresna, mentalitateak pixkanaka-pixkanaka zizelkatzen dira. Eta hola onartzen da salbuespen egoera iraunkor baten pean bizitzea. Bitartean, torturaren erabilera sistematizatua ezagutu duen lurralde batean, polizia autonomikoak kazetari bati eraso dio plaza publiko batean eta lekuko andana baten begipean. Bere burua identifikatua zuen eta bere lana egiteagatik dute lurrera bortizki bota. Mozal legeak inposatutako salbuespeneko neurriek digak gainditzea erraztu dute.
Bi lurraldeen arteko mugan auto-metatzeak handitzen direla diote ere 08:30eko albistegian. Salbuespen egoera aplikatzeko, polizia frantsesak kontrolak indartu ditu Eurokopa «babesteko». Iruneko merkatariak kexu direla errana zaigu irratian, beren negozio zifra kaltetzen baitu. Bitartean, herritar gutxi oldartzen da horren kontra. Iritzi publikoak badu askatasun publikoen murrizketa onartzeko gaitasun ikaragarria.
Funtsean, egunero sortzen den larrialdi klima horrekin, herio zigorrari buruzko erreferenduma egiten balitz, emana izango litzatekeen erantzunak beldurtzen nau. Funtsean, aste bukaera honetan berean bi erreferendum ere izango direla entzun da albistegian: Notre Dame des Landes aireportuaren ingurukoa lehena, eta Erresuma Batuaren geroa Europan finkatuko duena bestea. Baina hori guztia bigarren mailako galderak dira zango baloiaren mirariari esker. Funtsezko galdera baita zer eginen duen Irlandak gaurko partidan...
LARREPETIT
Salbuespenak salbuespen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu