Juliette Bénézitek, ekainaren 27aren bezperan, Nahel Merzouken azken goizaren kronika egin zuen. 38 urteko Florian M. poliziak hil zuen tiroz Nahel iaz Nanterreko Nelson-Mandela plazan. Ez zen izan Frantziako Poliziak 2023an hil zuen pertsona bakarra. Hilketaren ostean, langile auzoetako gazte asko kaleak erretzen hasi ziren. Nahelek haren marka gogokoenetako Under Armour txandal bat zeraman soinean, Nike Air Max Plus beltz-arrosak oinetan eta amak gosaltzeko utzi zizkion 20 euroak patrikan. 17 urte zeuzkan eta Mounia Merzouken seme bakarra zen.
Joan den astean, BERRIAren paperezkoan, zutabe honen parean, 1995ean Ertzaintzak hil zuen Rosa Zarraren senideek idatzi zuten. 29 urteren ostean justizia eske jarraitzen dute. Rosak 58 urte zituen hil zutenean, bezperan, Lasa eta Zabalaren hiletan euskal polizia oldartu zelako ari zen protestan. Handik ez oso urrun, aurtengo martxoaren 5ean Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainek hasitako oldarraldi batean (asteon jakin dugu Ertzaintzak berak frogak manipulatu zituela agente baten ostikada ezkutatzeko). Poliziek inauterietan larri zauritu zuten 16 urteko gazte bat Tolosan, jai giroan.
Ez dira salbuespenak. Poliziaren lana da, Paul Rocherrek hain ongi azaltzen duena: gaseatu, mutilatu, zapaldu. Irudipena daukat aukera handi bat galduko dugula Nahel eta Rosa sekuentzia politiko beraren parte ez baditugu kontsideratzen. Rosa ez zuten hil Lasa eta Zabala hiltzearen kontra zegoelako. Nahel ez zuten hil gidabaimenik gabe gidatzen zuelako. Iñigo Cabacas ez zuten hil futbolzalea zelako. Hil zituzten poliziaren funtzio nagusia izua eragitea delako.
Sinisten dut duela 29 urte zazpi metroko distantziatik Rosa Zarrak abdomenean bala jaso eta gorputz osoa erortzearekin batera erori zitzaion poltsak eta duela urtebete Mercedesaren lurrean Nahelek 20 euroekin zuen Lacoste poltsak berdin merezi dutela poliziaren amaiera ordenatuaz pentsatzen hasteko. Ez dira kasu isolatuak: polizia da.