Sartutako hanka ateratzea ez da, berez, ezinezko. Lokazti handietan sartuz gero, arrastoak nabarmenak eta garbitzeko astindu bat eskatzen dutenak. Baina ur putzu ttikiren batean sartuz gero, atera, utzi denborari lehortzen, eta listo. Sartu ez bazenu bezala.
Horiek, agerikoak. Arrastorik mingarrienak, hala ere, ikusten ez direnak. Hanka sartu duenak, jabetuz gero, badakielako sartu duela, baita inor konturatu ez bada ere, eta pausoa ematen duenero akordatuko delako egindako urrats desegokiaz. Merezi du ateratzen saiatzea pauso sendoz jarraitzeko.
«Ederki bizi liteke parean egokitutako letra guztiak irakurri gabe. Komeni da konpainia oneko afalondoetan ez irakurtzea. Badaezpada. Gozoa behar lukeena ez mikazteko besterik ez bada ere» esanez amaitu nuen gaur zortzi. Azukre zorro batzuei buruz. «Inguru on dituzu, zure buruarekin partekatzeko» eta «Baikortasun dituzu inguru eta giro txarren aurka» eta «Zorion, energia eta irrika dituzu» zioten azukre zorro zehatz batzuei buruz. Eta bai, ederki bizi liteke parean egokitutako letra guztiak irakurri gabe, baina beharbada, ederkiago, behin irakurtzen hasita guztiak irakurriz gero. 8 g. Hor zegoen gakoa. Zenbakian. Ez da gauza bera «Inguru on dituzu» edo «8 g inguru on dituzu». 8 g baikortasun, zorion, energia, irrika. Eztabaidatu liteke inguru onak rollo ona sortzeko duen garrantziaz, baina azukre-zorroetako esaldiak ez dira hain burugabeak. Burua neuk moztu nien.
Eskerrik asko zenbakiak ez nituela irakurri izango hain era gozoan esan zidan lagunari (gaizki egindakoa modu gozoan esateko gai den jendeak liluratzen nau, ondo egindakoa modu zakarrean esaten dutenak amorrarazi adina), eta barkamena itzultzaileari. Esaldi bat ez bada ondo ulertzen, idatzi duenak omen du arazoa; ez, irakurtzen duenak. Baina, horretarako, derrigorrezkoa da irakurtzea. Rollo onez.
Larrepetit
Rollo onez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu