LARREPETIT

'Reding efektua'

2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Erdi Aroan sorgin, ijito eta juduei leporatzen zieten uzten galera. Baserria utzi eta pisua erosi genuenez, modernoak garela uste dugu. Baina azken asteotan Frantzian ikusi duguna Erdi Aroko eskema mentalen aplikazio modernoa baino ez da. Krisien eragileek, boteredunek, gutxiengo etniko ahulenak erabili izan dituzte mendeetan euren ardura zuritzeko. Masak, norbanakoaren inteligentzia interes komunaren izenean anulatzen duen demokraziaren zutarriak, txalotu ohi ditu halako erabakiak. Azkenean, modernitatea hori izango da, betiko gauza bera bitarteko teknologiko berriekin egitea.

Nire arreta, ostera, Viviane Redingen inguruan eratu den polemikak erakarri du. Izan ere, salaketak neutralizatzeko sarri ikusi dudan estrategia bera erabili dute bere aurka, gaurtik aurrera Reding efektua deituko diodana.

Viviane Reding-ek ijitoen kanporaketa masiboa salatu zuen, kanporatze irizpidea ez baitzen delitugileak zigortzea. Eliseoak poliziari emandako aginduak argitu lez, helburua etnia jakin bateko norbanakoak landetaratzea zen. Tradizionalki naziena bezain ohitura frantziarra dena, bestalde.

Sarkozyk arin egin zuen kontraerasoa. Tonua, formak, aukeratutako unea... guztia txarto egin omen zuen Redingek, hedabideetan gatazkaren fokua aldatu zuten eta europar gobernuburuek salatzailea bihurtu zuten arazo, salatutakoa ezkutatuz. Boteredunen aurkako (eta botere harremanak mila dira, familia eta ingurukoengandik hasita) salaketa ahots ausart bakarrak egiten duenean, energia asko kontsumitzen da, tentsio handia sentitzen da. Ostean distentsioa dator eta une horretan ideologikoki ahulak gara. Txiki sentitzen zara, hutsik eta salatuaren kontraerasoak tsunamia legez jotzen zaitu. Errudun sentitzen hasi zara: txarto adierazi naiz, tonua zaindu behar dut, ez zen unea...

Halakoetan erradikala izan behar da, arazoaren muinera jo. Kasurik gehienetan, tonuz kanpoko salaketa inpunitatez egindako injustiziak eragindako inpotentziaren alaba da.

Erreakzio logikoa eta salatua den gertakizunak salatzaileari eragin dion arduraren neurgailu.

Hobe dugu tonuz kanpoko gizarte justuago bat komentuetako marmarrean bizi den ohian hau baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.