Urte berriekin sorkuntza lan asko libre gelditzen dira, alegia, jabari publikoen zerrendan sartzen direla. Sartu berri zirenak aztertzen topo egin nuen Maurice Ravelen Bolero-rekin. Libre gelditu da. Galdera batek abiatu zuen dena: oinordekorik ez al zuen Ravelek?
Orain arte dakigunaren arabera, Ziburun jaio zen Euskal Herriak eman duen musikaririk ezagunena: Maurice Ravel. Zuk, zer dakizu Raveli buruz? Bazenekien Ciboure hori Lapurdiko Ziburu dela? Seme-alabarik izan ote zuen? Nazionalitate frantsesa izateak eraman du (gure) ahanzturaren eremura? Ikasten da Ravel, eskoletan? Nik murgiltze erabatekoa egin arte nekien bakarra zen: jaioterriarena eta Boleroa idatzi zuela.
Gerora jakin dut poesia eta bertso zale izan zela. Neurriz, txikia ei zen. «Ze aurpegi euskalduna duen!», esan dit lankide batek. Marie Delouart amak eta Gaxuxa Billac izekok kantatzen omen zizkioten euskarazko sehaska kantak, eta euskaraz zertxobait zekien. Bilboko Elkarte Filarmonikoak 2008an egin zion omenaldiko eskuorrian zioen, bere pieza batzuen entseguan zeudela, Juan Irigoyen zuzendariari esan ziola «gaitza da, gaitza da», bere lanen zailtasuna nabarmenduz. Lo ezina zuela ere irakurri dut, osteratxo luzeen zale, igerilari bikaina. Debussyk bere emaztea abandonatu zuenean Ravel bera izan zen abandonuan utzitako emakumeari laguntza ekonomikoa eman ziona. Eta Jean Echenozek Ravel idatzi zuen. Heriotza latza izan bide zuen, garuneko gaitzen bat, anestesiak efektua egin ez zuen ebakuntza, eta memoriaren ihesa.
Kariñoa-edo hartu diot. Zer gauza den informazioa. Jean Echenozek idatzi zuen Ravel eskuratu beharko dut, orain.