Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Putinzaleak

2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Lagunak zira eraman zuen, Poliziaren tankeek ura botako zutela ziur zelako. Gomendatuta, nik ere hartu nuen, baina halako batean Poliziaren karga hasi zen, milaka lagun korrika hasi eta lagunak txankletak zeramatzan baina kazetaria zela eta ihes egiten genuen kontrako norabidean joan zen: zira, gona, ia oinutsik.

Aste batzuk lehenagotik, Heiligendamm-en 2007ko ekainaren 6-8an G8a elkartuko zen aitzakiarekin, Berlingo zentro sozialetan sarekadak egin zituen Alemaniako Poliziak. Arpilatzeak izan ziren funtsean, sistema informatiko mordoaren lapurreta, mendekua. Haiek barrez ari ziren: Romano Prodi, Angela Merkel, Shizo Abe, Tony Blair, Gorge Bush, Stephen Harper. Eta denen lagun Vladimir Putin. Helikopteroek komandatuta poliziek jendetza jo zutenean, hori jotzen ari ziren: autonomoak, okupak, komunistak, oinarriko kristauak, zuztarreko ekologistak, sindikalistak, feministak.

Hamarkada luzez Vladimir Putin eta SESBen desartikulazio eta arpilatzearen Errusiako arduradun politikoak salatu dituzten bakarrak Heiligendamm-en, Genovan eta G8aren kontrako topaketetan zeuden milaka laguneko gutxiengo horiek izan dira. Orain, gerra testuinguru batean, Ukrainako gatazka ulertzeko jatorria eta ziklo luzeagoak azaldu behar ditugunean, orain, bi inperio kapitalisten arteko bandoetako bat hautatzera behartu nahi gaituztenean, intuizio eta irakurketa zaharrak gogoratzeko unea da. Schroeder, Aznar, Zapatero eta Sarkozy Errusia sakeatu eta miserian mantentzen zuen Putinen alde zeuden; Txetxenia lurraren pare utzi zuenean, anarkistak eta komunista iraultzaileak atxilotzen zituenean, LGTBI+ jendea birrintzera dedikatzen zenean, zerbitzu publikoak desmastatu zituenean txalo egiten zioten munduan kapitalismoaren ordena segurtatzen zuelako.

Zero zilegitasun, beraz, ordena ekonomiko eta politiko beraren sistema eragilea duena gauetik egunera deabruaren pare jartzeko. Mendebaldearen ispilua da Putin, neoliberalismo autoritarioaren beste bertsio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.