Larrepetit

Presoen ordua

2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Eta presoez nabilenean, iheslari, errefuxiatu, deportatu eta Espainiako Konstituzioak armada estatuaren lurralde batasunaren berme bihurtzeak eragin dituen jazarritako euskal militante guztiez ari naiz. Kontziente naiz era horretako prozesuek simetrikoak behar dutela. Simetriaren eraikuntzan trabarik handiena Pagazaurtundua andrearen izpirituan ikusten dut, erabat ulergarria egiten bazait ere. Herrien autodefentsa eskubidea politikoki babesten dugunoi —ez nabil inongo alderdi politikoz— psikologikoki eta fisikoki sufrimendua opa digu; begia, begi truke. Kontura bedi nik ere ez diedala besterik opa hamazazpi urterekin Madrilen hiru egunez inongo frogarik gabe torturatu ninduten funtzionarioei. Baina, gure minetan gotortzen bagara, herri honek gu alboratzeko bideak asmatu beharko ditu.

Presoen ordua dela esaterakoan, agenda lehentasunez nabil. «Lehenago herria, eta gero presoak» erantzun didate kartzelatik irtendako adiskideek, eta badakit euskal militanteak bere burua hor kokatzen duela beti, herriaren ondoren. Baina presoak gatazkaren konponketaren berme modura ulertzea akats politiko eta humanoa da. Are gehiago estatuarekin akordio politikorik, nik behintzat, gura ez dudan sasoiotan. 1176tik ez dute akordio bakar bat ere bete, ez daukagulako berme betearazlerik. Jose Antonio Etxebarrietak denboralizazioan huts egin zuen autodeterminazioa independentziaren aurretik kokatu zuenean. Elkarrekin etorriko dira edo ez dira etorriko. Lehendabizi berme betearazlea eraiki behar dugu, gehiengo politiko independentista, %50 gehi ni.

Lan horretarako edo hondartzan etzanda egoteko dena eman duenari ezin baitzaio gehiagorik eskatu; kalean behar ditugu presoak. Hori da estatuarekin epe laburrean negoziatu beharko genukeen bakarra, eta hobe PP interlokutore nagusi bihurtzea albait arinen. Badakigu trukean zer eskatuko diguten: ekintza sinboliko bat, ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.