Hedoi Etxarte

Poza asmatzen

2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Egunkarietako artikulu ebakinen kaxa zahar bat hartu nuen duela bi aste eta banan-banan hasi nintzen paperak gordeko nituen ala ez erabakitzen. Inertzia izaten da nagusi halakoak egiten ditudanean: ia dena bota ala ia dena gordetzeko arriskua gailentzen zait beti. Halako batean, 2016ko uztaileko Le Monde Diplomatique aldizkariko pieza batekin egin nuen topo. Norberaren bizitza behin eta berriro hasten da eta, kasu honetan, datak erakarri ninduen: paper hura irakurri, moztu eta gorde nuenean gure aita bizirik zegoen eta alaba zaharrena jaio gabe. Gainera, artikuluaren ilustrazioak bikainak ziren, Liubov Popova-ren hiru irudi 1921ekoak, lanerako arropa diseinu batzuk.

Ez nuen testua bota, ez nuen gainontzeko Le Monde Diplomatique-ekin gorde ere, zutabeetarako materialen paperekin utzi nuen. Atzo hartu nuen, azken egunetan bereziki kalapita sortu duten gaietatik aldentzeko beharrarekin, lorategi txiki honi lasaitasun pixka bat emateko asmoz. Baina hasi nintzen irakurtzen, miatzailearen presarekin eta Evelyne Pieiller-en artikulua bukatu nuen, sobietarrek poza asmatu zutela jakiteko gogoarekin (testuaren izenburua zutabe honek dakarrena da). Baina ez, artikulua arteak, kulturak eta politikak SESBen aurreneko urteetan izan zituzten talken ingurukoa zen: oso interesgarria, sintesi aparta, baina ez zen nahi nuena.

Pieillerren izenburua justifikatua zegoen, ordea, Anatoli Lunakharski handiaren aipu bat zuen oinarri: «Antzerkia pozaren erreinua da. [...] Pertsonei lortzen uzten zaien zoriontasun deskribaezin guztiaren edertasuna sentiaraztea lor dezake». Are hobeki, «honezkero nagusi den zoriontasuna biderka dezake, eta erakutsi urria denean». 

Hortik aurrera obra klasikoek iraultzaren ostean izan behar zuten tokiaz aritzen zen, Maiakovskiren poemak, Gogolekin Meyerholdek egindako antzezlana.

Ezinbesteko elementu bat da promesa sedukzioan, eta antzera gertatzen da artikuluekin ere, amaierara eramaten zaituzte oso ongi jakin gabe zer gertatu den bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.