Goizalde Landabaso

Politikoa

2025eko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Literaturako Nobel saridun den Han Kang-ek amets egiten du egun batzuetan; eta itzartzerakoan, ametsa ezin astindurik, idazten hasten da, eta hor non ateratzen zaion eleberri bat. «Eta zein izan zen ametsa?», galdetu diote Kataluniako La Vanguardia egunkarian. Eta esan egin die: neurri ezberdineko enbor beltzak, ilaran, mendi hegal batean, hilobitzat hartu zituen. Elurra ari zuen. Bera txipli-txapla zihoan putzurik putzu, eta atzerantz begiratzerakoan itsaso bilakatu zen dena; ura dena hartzen hasi zen, eta Han Kang atxitxiketan sentitu zen. Ura orkatiletatik gora zeukala, esnatu zen. Eleberria atera du. 

Jeju uhartean 1948an sarraskia izan zen, 200.000 pertsona hil zituzten, eta bere azken eleberriak, ametsaren ostean idatzitakoak, horixe du oinarri. Aurrekoa, Giza ekintzak (ez dakit inoiz euskaratzen badute zein izenburu emango dioten); hor ere Hego Koreako diktadurak Gwangju-n egindako sarraskia kontatu zuen. Kazetariak, harriturik, diotso Kang ez dela eleberrigile politikoa. Splash egin didate begiek. Han Kang-ek ere berretsi dio: «Ez, ez. Gure belaunaldiak ez du beharrezko ikusi konpromiso politikoa» To, ta, no eta naranai. Zer da politikoa, eta batez ere, zer ez da politikoa? Aristotelesek esan omen zuen Kristo aurrekoetan, gizabanakoaren esentzia dela politikoa. Baina ez gaitezen nahasi: Han Kang-en eleberriak ez dira politikoak; kirola ez da politika; sukaldaritza ez da politika; kultura, noski, ez da politika. Gauzak deskribatzeko hautatzen ditugun hitzak ez dira politika; erosten dugun arropa eta entzuten dugun musika ez dira politika. Politika den bakarra da gure boto-papera. Eta hori ere, paperaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.