Hedoi Etxarte

Poeta ezabatuaren enarak

2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Gure amandreak buruz zekizkien bertsoetatik gehien errepikatzen zituenak ziren Gustavo Adolfo Becquerrenak: Itzuliko dira enara ilunak/ zure balkoian haien habiak eskegitzera,/ eta ostera hegalekin kristaletan/ hots eginez deituko dute. Duela hilabete batzuk Yannis Ritsosen Udako eguerdiko ametsa irakurtzean oroitu nintzen Becquerren enarez (Enaren hegaletara igo ginen eta loreak moztera joan ginen zerura. Udako haizeak ez du sekreturik guretzat belarretan oinutsik ibiltzen garelako eta eguzkiaren hizkuntzan hitz egiten dugulako txitxarrekin). Eta oroitzapen batek beste bat dakarrenez barruan, duela zortzi urteko udazkenaz gogoratu nintzen, ia astero, Jarauta karrikako sofa hartako ostiral iluntzeetan nola irakurri nituen dozena erdi bat poema luze liburu laburretan.

Hau guztia leherketa txiki bat bezala etorri zitzaidan joan den astean, itzulinguruka, ia hogei urte gazteagoa zen kide batekin idazle iraultzaileez aritu ginenean. Susmoa izan nuen, berriro ere, gure gaztaroan bezala, hutsetik ari zirela bidea egiten, ustez formazioaz arduratzen diren erakundeen abandonu kontzientearengatik. Jabetu nintzen zein eraginkorrak diren literaturari buruzko gure solasaldi gehienak literaturaren eta politikaren ezabaketa gisa: artea artearengatik doktrinatik, testua ente autonomo gisa bizi duen tendentziatik eta artelanaren politika soziologia kostunbristan bilakatu ohi dugulako.

Ni gai izan nintzen Hildako etxeaIsmeneKrisotemis edota Ilargi zuri sonata irakurri eta garaiz kanpoko poeta bat irakurtzeko. «Solilokio dramatikoak» egiten zituen figura klasikotzat nuen Ritsos, XX. mendekoa zena istripuz, baina berez XVIII.ekoa izan zitekeena.

Wikipediari bisita azkar bat aski izan nuen nire gaizki-ulertua nabarmen ikusteko. Ritsos ez zen soilik II. Mundu Gerrako erresistente bat izan, KKE alderdi komunistako kidea izan zen 1934tik. Horrek ez ditu poemak bereziki zabaltzen, baina nondik hasi bila ari denarentzat opari bat da: bai, egon dadila Ritsos ere eraikiko duzun genealogian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.