Isabel Coixet zinemagile kataluniarrak poesia maite du. Horrela idatzi du igandeko gehigarri batean. Azken boladaotan, poemak hautatzen ditu gero eta garratzago egiten zaion mundua ulertzeko, eta mundu horretatik babesteko ere. Ez dakit lortzen ote duen, eta ez dakit ez ote den lar poesiarentzat. Alegia, bidezkoa da poema baten gainean horrelako erantzukizuna uztea? Areago, sortzaile batek mundu honetan suntsigarria den orotik salbatzeko kreazioneren bat garatu beharko balu, zer sortu beharko luke, poema bat ala su-jaurtigailu bat? Poema batek salba gaitzake Israeleko ejerzitoa, atzerapausorik eman gabe, gauzatzen ari den genozidioak gugan eragiten duen inpotentziatik? Pentsatu dut Coixetek, beharbada, zelanbaiteko baretasuna aurkitzen duela hitz artekoetan, eta agian, tarte iheskor batez ahaztu lezakeela munduaren lakarra.
Poesiaren araberakoa ere izango da, jakina. Irakurri dudan azken poema Samer Abu Hawwash palestinarrarena da. Dagoeneko ez du inporta inork ez bagaitu maite du izena. Izenburuak ondo argi adierazten du irakurketak lurralde hondagarrietan sartuko zaituela. Dagoeneko ez du inporta inork ez bagaitu maite/ bonbek askatu dituzte maitasun hitzak entzuteko erabiltzen genituen gure belarriak.
Baina ulertzen dut Coixet, zertarako irakurri deserosotasuna eragingo dizun poema bat? Eta deserosotasun horretatik gora, zer egingo duzu zuk, zutabe bat idatzi esateko poesia ez dela mailu bat baina, ai balitz mailua eta munduko sarraski oro deuseztatuko balitu. Dagoeneko ez du inporta mundu honetan inork ez bagaitu maite; edozelan ere, alde bakarreko maitasuna zela dirudi.
Nik ez dut abarorik sentitzen poesiarekin, amorru bizia bai, eta inpotentzia izugarria.