Goizalde Landabaso

Poema bat

2025eko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den mendean, Britainia Handian, Margaret Thatcherrek esku sendoarekin gobernatzen zuenean eta meatzariek greba egin beste irtenbiderik ikusi ez zutenean, frustrazioak futbol partidetan astintzen zituzten askok. Londresetik 200 kilometrora dagoen Leeds hirian ere bai. Horrela kontatzen du Tony Harrison-ek, itzelezko kalapita eragin zuen V poeman. Leeds futbol taldeak maiz galtzen zuenean, etxerako laster bidean, amorruak janda, kanposantutik pasatzen ziren. Hobietan garagardozko txizak egin, eta fuck edota shit izkiriatzen zuten. Tony Harrisonek gurasoen hilobia bisitatu zuenean izan zuen horren berri: loreen ordez garagardo latak zeuden, eta grafitien lohiak. Hiritar frustratu horiek hilerrian egindakoek sututa idatzi zuen poema; eta poemak, berriz, amorreria eragin zuen orduko gizartean. Batik bat, Channel Four kate publikoak atera ostean. Egunkarien lerroburu nagusiek aipagai zuten V poema, politikari zenbaitek ere bai. Poemak esaten zuenak haserrearazi zituen, ala hilerrian zeuden biraoak poemara eramateak? 

Eta, egun, zer indar du poema batek? 

Analogiaren bat ekarri guran; Euskal Herrian, 1967ko bertso finala. Xalbadorri bota zizkioten txistuen aurrean honek kantatutako bertsoa etorri zait gogora: «Zuek ezpazerate kontentu/ errua ez daukat ez nik,/ txistuak jo dituzute bainan/ maite zaituztet oraindik». Ez dakit bertsoak edo poemak garaiko egunkarietako lerrobururik bete ote zuen, ezta sututako politikaririk agertu ote zen Xalbadorri kontu eskean. Ziurrenen, joan den mendea borrokalariagoa izan zen; agian, hizkuntza ez hegemonikoak, gaur egun lez, hutsaren hurrengotzat hartzen ziren. Poemak bezala, bestetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.