Etxean, apaletan eta non-nahi, pilatuz doazen irakurri gabeko liburuez ari nintzen adiskide batekin. Bera seriosa da, entzun behar zaien horietakoa. Eta, beraz, entzun egin nion esan zidanean berak sarri libururen bat apaletik hartu, edonondik ausaz zabaldu eta orrialde batzuk irakurtzen dituela, liburuak merezi duen ala ez erabakitzeko.
Apaletik kolore nabarmeneko aspaldiko liburu bat hartu dut, bizkarra askotan ikusi diodana, 1988an erosia, 1987an argitaratu eta gutxira. Ez naiz harritzen hala egin banuen, orduan orain baino literatura unibertsaleko gauza gutxiago itzuliak baitziren euskarara, eta hau ez zen makala. Itzultzailea Ramon Etxezarreta eta liburua Kama-sutra.
Garai haietan, liburua kalera baino lehen, zabaldu zen Aita Villasante zenak ez ote zuen itzuli. Haiek bai txantxak...
Gezurra esango nuke esango banu ez dudala inoiz ireki liburua. Lehen bizpahiru orrialdeetan zuzenketak eta dudak daude, eta ondoko beste pare batean berdez markatu nituen hitz ezezagunak-edo: eidol, zintzilikarioak, koskak, erromiletak, asmakiloak, basoti, gaisoketak. Atx! Artean ez bide nuen haietako bakar bat ere euskal testu zaharretan aurkitu. (Horretarako ere badira itzulpenak).
Alabaina, apaletik hartu dudanean, lehenengoz irekitzera nindoala uste izan dut. Adiskidearen proba egitea merezi duen liburu gorri bat delako, besterik gabe. Nigan dagoen burgesa ikararazteko ere bai, apika. (Ezetz idatzi horretaz).
Ireki eta hauxe irakurri dut: «Hemen amaitzen da bere senarrak maite ez duen emazteari dagokion guztia», eta segitu dut, eta monarka bere harenarekin nola portatu behar den irakurri dut, eta gero...
Apaletan liburuek hautsa batu, besterik ez.