Iruñeko plaza eder horretan txupinazo egunean ez beste edozeinetan sartu etazenbat aldiz entzun behar izango zuten iruindarrek: «ba telebistan handiagoa ematen du». Efektu optikoa izan daiteke soil-soilik, fisikak esplika dezakeena, baina, gutxienez, aukera ematen digu pentsamendu herrikoi-postmodernoetarako, jendeak txiklea bezala moldatzen duela espazioa, herriak lekua hartzen duenean, lekua bera (zera aldaezin hori) aldatzeko gaitasuna duela. Dena gezurra (ala?).
Gaurko egunez Iruñeko Udaletxe plazan egoteko ausardiarik izan ez, eta pantailari itsatsita ikusi dut suziri-jaurtiketa azken urteotan. Eta lotsarik gabe hunkitu nau, urtero, pozaren adierazpen kolektibo itzel horrek (aitortu behar dut 2013an are gehiago hunkitu nintzela, oraingoan arrazoi politiko-erreibindikatiboengatik. Ez zen alferrik izan XXI. mendean ikurrinak bere zentzua berreskuratu duen aldi bakarra). Ohartu naiz gero eta gehiago hunkitzen naizela besteen pozarekin, poz propioarekin baino, eskuzabaltasun-ariketa absurdo samar bat eginez; absurdoa mugaraino iristen ikusten dut nigan, gainera, kirol-proba batzuetan garailearen malkoak ikusi eta zilborpean korapiloa egiten zaidanean. Baina Sanferminetan absurdorik ez, poz hutsa da, poz betea, ukitzen nauen poz bat. Baina egon apur bat, pozaren eta eromenaren arteko muga ezaz ohartaraziko bainau norbaitek, ez arrazoi faltaz. Moderazioaren mamu kontserbadorea uxatuta (ez dut apaiz bat izan nahi, ahaztu artikuluaren pulpitutasuna), hor doa joaterik ez dudan festetarako eskakizun-peredikua, biziko dituzuenontzat: pentsa jaia eta borrokaren artean ez dela kabitzen «baina»-rik, eta are, «eta»rik ere, jaiak berak baitu borrokatik; adibidez, eraso sexista baten aurrean, erreakzionatu, erantzun, geldiarazi, biharamunean Iruñeko udal plazaren neurria berriz ere aldatuko duen jendetza bildu beharrik egon ez dadin.
LARREPETIT
Plazaren neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu