Maider Galardi

Play-back

2025eko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kanpoan pasatu dut asteburua, eta aspaldiko partez egunek askorako eman didate, besteak beste, Miren Amurizaren Pleibak irakurtzeko. Ezagun zaizkit paisaia eta kodea, outfit-ak eta hizkera. Baina badakizu momentu erridikulu hori, abestiari itxura hartzen diozunean, baina guztiz ez dakizunean, ahoa nola mugitzen duzun kantua buruz bazeneki bezala? Esango nuke antzeko gertatzen zaigula 90eko hamarkadaren bigarren tartean jaio garenoi. Millenialak bai, baina ez guztiz. Nola esan… guk ez genituen Segiko lagunak, Segi izendatu ezin zen fantasma bat zelako. Eta gu ez ginen morora inoiz jaitsi txina bila, txungoen lagunak ginelako. Eta haiek ere ez ziren inoiz jaitsiko, baina gu baino helduagoak ziren eta heltzen zen harria haien lokalera, guk ez dakigu nola, baskula batean zatituta bukatzeko.

Gure belaunaldiaren zerak zerrendatzen pasatu dut asteburua: ileko diadema zabalak, Superpop, Bravo, Loka. Hamaika koloretako palestinoak eta Oker eta Nerea. Kin-kan-kun auzoko zein parkera joan erabakitzeko eta frontoiko harmailetan mus txapelketa gu baino helduagoak ziren mutilekin. Hor hasi ginen 3-4-5 urte zaharragoekin ligatzen. Haiek 19, guk 14. Gogoratzen dut Ken Zazpik herriko jaietan jo zuen gau hura, nola irabazi zuen Espainiak Eurokopa, eta nola agertu ziren gazteak kontzertura Alemaniako banderekin Espainiari aurkakotasuna adierazteko. Gau hori etorri zait gogora eskapadatik bueltan Ken Zazpi jarri dudanean. Bidaiakideak esan dit eman didala nostalgia kolpeak, eta nik erantzun gure belaunaldiaren zerak bilatzen segitzen dudala. Berak egina du jada lan hori, Formol Konpainiaren Album antzezlanerako. Nik nirea nahi dut. Hito bat guretzat. «Badakit», esan diot: «Jon Anzaren desagerpena». Eta bai, duela astebete hamabost urte bete dira haren gorpua agertu zenetik, eta huraxe izan zen gerra zikinarekin lotuta grebara irten ginen aldi bakarra. DBH 2. Zenbat aldatu diren gauzak, kamarada, eta nola segitzen duten kausek oraindik argitu gabe. Pasaiako enboskadakoen aitortza oraintsu ailegatu bada, zenbat nerabe belaunaldi barru ikusiko ditugu Anzarenaren parekoak araztuta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.