Hilotza azken metroetan nork eramango duten azaltzen ari dela, transexualak aipatu ditu espainiar kazetariak, migranteak, eta… aspaldi zaharrean entzun gabe, «pobres de solemnidad» batzuk. Karranka egin dit berbaren itzalak, eta jakin-jario, Plazido Mujikaren hiztegi moralera jo dut: lander hutsak. Txepela erdarazkoaren aldean.
Placido deitu zen azkenean Luis Garcia Berlangak 1961ean mustu zuen filma. Berez, beste bat zuen titulua, Jar ezazu pobre bat zure mahaira, baina zentsuraren beldur, halaxe geratu zen. Pobreen aipuak frankismoaren kanpaina batean zuen sortzea; Gabon giroa-eta, etxerik gabeko pertsona bat gonbidatzera adoretu nahi zituen gobernuak familia jatorrak.
Placido da gonbidatua, Eguberri egunean bertan bere motokarroaren letra bat ordaindu behar eta Natibitatea tramite burokratiko ero batean emango duena. Erruki paternalistari egurra ematen dion begirada da Berlangarena. Begia behar baita sentimendu onbera bati ertzak ateratzeko, erakusteko zer lorrin egon litekeen ezinbestean hunkigarri behar duen asmoaren atzean.
Halaxe ibili gara egunotan, baztertuak negar-anpulutan goraipatzen lehen lerroetan eseri dizkiguten handi-mandiak egurtzeko, aldarrikatzen maiteagoak zituela aita santuak lehenak bigarrenak baino. Berlangaren begi-erdirik gabe, pobreen erabilketa vatikanista kritikatu dugu; Bergoglio bat da eta, bestea, multinazionala.
Plazidorena da: erabilketa. Eta klasismoaren profeta diren hamaika errege-erregin, Trump, Milei eta abarren zurikeria salatzen ari naizela, ikuskizunak abduziturik, neu geratu naiz preso neure begiztan. Izan ere, zer egin dut neuk ere hemen lander hutsak erabili baino, etsaitzat ditudanak larrutzeko.