Aro Berria deritzon hori zehazki noiz hasi zen esaten ez nuke jakingo, baina pinguinoa lagun egiteko animaliatzat hartzeko prest gaudenez gero, ontzat emango dugu bizi, bizi dugula aro berri bat.
ETAk jarduera armatua behin betiko uztea erabakigarria izan da, inondik ere, aro hau adjektibatzeko orduan, ez ordea motibo bakarra. Gernikako Akordioa, hainbat alderdi abertzale eta ezkerrekoren bat-egite estrategikoa, Aieteko konferentzia, Bilboko manifestazioa eta askok eta askok berbaz itxura bat ematen asmatzen ez dugun sentimendu hori daudeke, besteak beste, aldamioei eusten. Dei diezaiogun bada Aro Berria, behinolako Haize Berriak hura baino hobea izango delakoan, Amurizak zioen moduan, haizeak pluralean datozenean bakarraren libramendua askoren kaltetan izaten baita.
Edozelan ere, dakargun gogora gure hesteen askapenaren aldarria lau haizetara zabalduko zuen lapikokoari Gernikan gehitu zitzaizkiola sakramentuak joan den mendearen azken putzetan.LABekin batera indabak bezperen bezperetatik beratzen jarrita, estatutua hilda zegoela aldarrikatu zuen ELAk. Hala bazen, estatutua hilda eta gehiengo sindikala sukaldari, biribilketa alegeran ibili ginen heste-tutuetan haize berriak genituela aldi baterako.
Geroztik, makina bat urtean, haizeak nondik jotzen zuen ez genekiela, mesetako haizeen, frantziparren, nordeen, Corellako ziertzoen eta hamaika ego-haize kapritxosoren menera ibili gara bals dorpean. Ate ondoko haizeak hartzen gehienetan, ez zela haizerik sartzen, maitea, ez zebilenetan.
Eta orain, Aro Berrian gauden honetan, mundua hankaz gora. Txiki Muñoz denak handira jokatzen, Etxaide auzoa ulertzen ez duela, Gernikako Akordioan ELAren hiru letrak falta eta gehiengo sindikala hautsita. Inork zergatiak azalduko balizkit, eskertuko nioke. Nik dakidana da esnatzen naizenean, artean, pinguinoa hor dagoela.
Larrepetit
Pinguinoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu