Bizitza ederra da, eta gastatzen da, badoa, baina pentsatu nahi duzu adinean aurrera egin ahala, zuk ere egingo diozula heriotzari aurre kurtsibako hitzen jabearen sosegu eta baretasunarekin. Nire bizitzan, behin baino gehiagotan ibili da heriotza ohe inguruan, dio berak, baina sumatzen duzu, esateko duen moduagatik, hau ezberdina dela. Oraingoan sega eskuetan dator, dio orduan Pepe Mujicak, eta duintasunez bizitzen erakutsi digun bezala erakusten digu hiltzen ere.
Heriotzari aurrez aurre begiratzen dionaren ahotan are zilegiagoa da bizitzaren aldarria. Ahal dudan artean, nire kideekin militatzen jarraituko dut, nire pentsatzeko moduari fidel, heriotza bizitzaren parte baldin bada, alferrik delako beste moldez irudikatzea: Ez da zaldiz aldatzen errekaren bukaeran. Horregatik, heriotzarako errezetarik ez, bizitzeko tresnak eman dizkigu Pepek, minbizia duela iragartzerakoan: Bizitzan arrakasta izateko gakoa, erori aldiro berriz hastea da. Baita berriz hasterik ez dagoenean ere.
Borobilago ahoskatzen da itxaropena ankerkeria, tortura, espetxea bizi duenaren ahotan. Eta beraz, zer gatazka badago, esperantza bihurtzeko gai bagara? Gizakia da Mujicaren esperantza. Baina xomorro konplikatua da gizakia; animaliarik azkarrena, eta ergelena.
Eta hala ere, elkarrekin ekitea, ez dugu besterik. Inor ez da bakarrik salbatzen. Bukaeran ere ari zaigu batasunaren bidea erakusten. Eta berriz Pepe: inor ez da bakarrik salbatzen. Azkenean, bizitza, hori zen dena, banderek eta pankartek eta ekintzek eta borrokak biltzen zutena. Maitasunagatik borrokatu, diotse Pepek gazteei, bizitzagatik borrokatu, ederragorik ez da eta.
Borrokatu beharko da, ezta?