Jean-Marie Le Pen hil berritan prentsa kontserbadoreak Le Penen historiaren zuriketa bat egin du, oro har. Prentsa aurrerazaleak, automatismoz, Le Penek giza eskubideen kontra egin eta esan zituenak pasioz jaso ditu. Piztia bat bezala margotu dute. Baina Jean-Mariek sarritan esaten zuen: ez zuen gobernatuko baina gobernuan zeudenek hark nahi zuena egingo zuten. Alderdi sozialdemokrata batean zegoen Manuel Valls, beste batean Grande-Marlaska, biak ibili dira migrante ehizan, esaterako.
Tsedek! kolektibo judu dekolonialak egin irakurketa iruditu zait bereziki egokia: «Nahiz eta ezkerreko gazteriaren parte batek mobilizatzera jo duen, [Jean-Marie Le Penen heriotza] ez da ezeren garaipena. Le Pen lasai hil da 96 urterekin, inoiz ez dute urduritu; are gehiago, haren bizitza osoko ideiak hegemoniko bilakatu dira politikaren alorrean eta Frantziako gizartean».
Zentzu honetan, ezinbestekoa da gogoratzea, Frantziako Estatuan, eskuin muturra agintean izan den une bakarrean (Pétain mariskalarenean) parte hartu zutenetako asko aurretik sozialdemokratak zirela edo mugimendu komunistetatik eratorritako erakundeetatik zetozela. Ez hori bakarrik, aurrerazaleen erreferente izaten den François Mitterrand presidente ohiak, gaztaroan, Le Penek bezain harreman estua izan zuen eskuin muturrarekin, Croix-de-feu talde protofaxistako kide izan zen 1930etan, 1940etan Vichyko gobernu faxistan ibili zen. Gainera, antifaxismoaren karta jokatzeko eskuin muturra puztu zuen 1980etan. Eta hirugarren puntu hori da, ziurrenik, interesgarria egungo Euskal Herrirako.
Kontua ez da faxistek gauza faxistak esaten dituztenean salatzea, kontua da ea sozialdemokratek kapitalismoaren kudeaketan (migratzaileekin, okupekin, baztertuekin, langile jendearekin, munduko gerrekin) politika desberdin bat egiten duten. Antifaxismoa gauza estetiko ala morala bada, oso erraz gerta daiteke Italian Legarekin gertatu zena: antifaxismotik eskuin muturrera aldatzea.