Hedoi Etxarte

Patxi Ezkiagaren itzalaz

2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Ulertzen dut larunbateroko zutabe hau zeharo gaitzesgarria izatea egunkari honen irakurle zenbaiti. Azken batean, publikoki idazten duen edonori dagokio misantropoen talde bat. Ziurrenik, talde horretako kideek zerrenda pasako dute, oraintxe esan behar denari buruz hemen ezer esaten ote den bilatzeko eta, logikoki, astero egingo diet huts. Batzuetan, ahalegintzen naiz boladako gaiak ekartzen, beroaldian idazten, baina, ziurrenik, nire ekarpen eskaxenak izaten dira. Aitortzen dut honetara ere oso berandu natorrela eta, horregatik, asko eskertzen ditudala auzia publiko egin bezain laster idazteko gai izan ziren zutabegileak.

Bi pasadizo gurutzatu zitzaizkidan udan. Iruñerriko ez nolanahiko hiru idazle etorri zitzaizkidan Patxi Ezkiagaren liburuen bila: jende jantzia, duela lau hamarkadatik euskal literaturan egindakoa oso gertutik jarraitzen duena. Ez zuten Ezkiagaren testu bakar bat inoiz irakurria. Aldi berean, France Interrek Louis-Ferdinand Céline, le voyage sans retour podcasta argitaratu zuen, hamar orduko sail zehatz eta sublime bat. Sarritan Célineren paradoxa mahai gainean jartzen dute batzuek: posible da idazle batek obra aparta egin eta pertsona gaitzesgarri bat izatea? Eta, ordea, nire ustez, Ezkiagaren obrari ezin zaizkio galdera horiek egin. Ados, bi dozena liburu argitaratu zituen eta izango zen Gipuzkoako zenbait tokitan pertsona ezagun bat. Baina ez dut kontzientziarik 50 urtetik beherako idazle nabarmen bakar batentzat Ezkiagaren obra eredugarria denik. Ia ziur egunkari honetan bertan Jokin Muñozek Ezkiagaren ahotsak piezan ekarri zituen bertsoak direla Ezkiagaren bertso irakurrienak. Eta galdera da nola zen posible haren herriko ohorezko izendapena izatea, eskultura bat, herriko kultur etxearen izena, Ondarroako sari batena.

Logikoa da, Célinerekin ez bezala, Ezkiagari ohoreak kentzea El País-en bidez ezagutu ziren sexu abusuengatik eta inork aurkako ahotsik ez altxatzea. Galdera da nola zen posible halako ohoreak izatea hain obra eskaxarekin. Ez ote liratekeen errepasatu behar kale, kultur etxe eta sari izen gehiago ez gertatzeko Iruñeko Sanduzelaiko kale izendegiarekin bezala: medikuntzaren historian ezer izan ez diren doktoreen izenez jositako auzo bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.