Nahi baino urte gehiago pasa dira (milurtekoaren hasieraren buelta izan behar zuen), baina akordatzen naiz Bertso Egun batean, afalostean, Unai Iturriagak Bob Marley bertsotara ekarri zuen saio gogoangarri hura egin (eta bertso musikatuetarako joera batzuetan gorrotagarri beste batzuetan aberasgarri horren oinarrietako bat jarri) zuen edizio hartan, Araban bertsotan genbiltzan taldetxo bati Bertsozale Elkartekoek zerbait egiteko aukera eman zigutela. Aurreko egunetako prestaketa-lanak ahalduntze ariketa interesgarria izan ziren. «Entzun behar digute giputz horiek», «ea zein aurpegi geratzen zaien», eta abar. Irudika dezakezue mezua: euskalduntasun eta bertsozaletasun monolitiko-hegemonikoaren aurkako panfleto probokatzaile histrioniko bat egin genuen. Gogoan dut (uste dut neu nintzela kantuan) Lizasoren Mutil koskor bat itsu aurreko doinuaren bertsio luzatu eta epikotasunez betean, azkeneko puntuan kantatu genuela: «Euskal Herria libre izango zen / dena Gipuzkoa balitz».
Ez genuen publikoarekin konektatu. Mezua ulertu ez zutenek txalo jo ziguten, sutsu, azken puntuan botatakoarekin ados zeudelako (!!?). Ulertu zutenek halako mezu eta gutxiagotasun-sentipen konplexuz beteak gaindituta egon behar liratekeela esan ziguten.
Ordutik hona asko ikasi dugu, eta, nire kasuan, diskurtsoa aldatu ere bai. Mindu ere mindu zaizkit lagun batzuk, ez arrazoi faltaz; aldirietan bizi garenok, gipuzkoar-bizkaitar guztiak euskal-mundu-ikuskera berberaren zakuan sartzen ditugulako. Eta ahaztuxea nuen lurralde-historikotasunaren kontua, baina, hara non, eskolarteko bertso txapelketa Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi duen. Eta zabaldu da Saran bota zuen agurra. Eta kontatu du Aroak, gerora, milurtekoaren hasieran bizi izan genuenaren antzeko pasadizoren bat. Eta 16 urte ditu.
Hala nahi ez dugunean ere,arabarrak garela gogorarazten digute.
LARREPETIT
Paternalismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu