Patata. Lur sagarra. Ameriketatik ekarri zuten. Kolonizatzaileek. Babarruna eta piperra bezala. Tomatea, artoa eta txokolatea ere berdin. Eta pentsatzen dugu segituan iritsi zela gure etxeetara. Ti-ta. Gure arbasoek porru patatak jaten zituztela. Zer bestela?
Ba, ez. Patata landarea XVI. mendean ekarri zuten Europara. Baina hasieran apaingarri moduan erabiltzen zuten. Lorategietan. Nekazariek begi txarrez ikusten zuten. Mesfidantzaz. Pozoitsua zela uste zuten.
Frantzian, Antonio Augusto Parmentier (1737-1813) botikaria izan zen patataren defendatzaile sutsuenetako bat. Prusiarrek preso hartu zuten Parmentier. Animaliak bezala tratatu zuten: patata ematen zioten jateko. Eta konturatu zen presoek kanpoan zeudenek baino osasun hobea zutela. Kartzelatik irtendakoan, patata famatzen hasi zen. Erregearengana ere jo zuen. Antza denez, ez zioten jaramonik egiten. Patata sail bat landatu, eta guardiak jarri zituen hura zaintzen. Hala lortu ei zuen herritarren interesa piztea.
Euskal Herrian patata sailei buruzko lehen datuak 1760 ingurukoak ei dira. Sasoi horretan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea patata bultzatzen hasi zen. Irlanda eredu hartuta. Zabalpena, baina, beste era batera hasi omen zen. Independentzia Gerran, soldadu frantsesek patata soro urriak arpilatu egiten zituzten. Haiek ikusita, euskaldunak ere patata jaten hasi ziren. Orduantxe hasi ei zen patataren loraldia.
Anizeta Agirre Ahotsak.com proiektuan jasotako hiztunik zaharrenetakoa da. 1888. urtean jaio zen. Bergaran, Osintxuko Laudatz baserrian. Umetatik hainbat lan egitea egokitu zitzaion. Gaztainak zuritzea, adibidez. «Ukatzeko lain! Orduko 'primer platua' gaztaiñia zan; patatarik ez zan sartu be eitten orduan ta». Pentsa noiz iritsi zen patata baserri batzuetara. Atzo goizean.
Larrepetit
Patata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu