Maider Galardi

Palestina euskaraz

2024ko urriaren 3a
05:00
Entzun

Asteon Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari dira egitarau berezia, joan den urriaren 7aren urteurrena dela eta horren aitzakian. Aitzakian diot, bai Palestinaren aldeko elkarte eta herri egitasmoek eta baita palestinarrek beraiek ere esana dutelako zapalkuntza eta genozidioa askoz ere lehenagotik datorrela. Zehazki, ehun urte atzera jada hasia zela dio Rashid Khalidik, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka liburuan. Eta guk euskaraz irakurri dezakegu, Iñaki Alegriak UEUrentzat egindako itzulpenari esker. Are gehiago, euskarazko aleak jasotzen du azken urteko indarkeriaren leherketari buruz Khalidik egiten duen gogoeta. Beraz, ingelesezko azken bertsioaren pare dago euskara, autoreak hala eskainita. Geografiaz eskas bagabiltza, eta joan den mendea eta oraingoa uztartu nahi baditugu, Adania Shibliren Detaile xume bat eleberria irakurri dezakegu euskaraz, Aitor Blancok Igelarentzat itzuli baitu. Eta gertakari historikoez gain gaurko betaurrekoak jantzita jaso nahi badugu Palestinaren berri, orduan Mohammed El-Kurden Rifqa irakurri daiteke euskaraz, Eider Beobidek Katakrakentzat itzulia. LGTBI ikuspegia eta Palestinako erresistentzia liburu berean? A ze zortea gurea, hori ere euskaraz.

Joan den astelehenean elkartu ziren hiru itzultzaileak Donostian, EHUko Palestinaren elkartasun taldeak antolatutako Itzulpena borroka da solasaldian. Une berean, hiri berean, baina hondartza pare bateko distantzian, Atef Abu Saif zegoen Alderdi Ederren, Gazako egunerokoa aurkezteko lehen agertokian. BERRIA egunkarian bertatik bertara Gazan gertatzen zena kontatu ondoren, orain liburu batean bildu dituzte kontakizunak BERRIAk berak, Jakinek eta Elkarrek, Irene Arraratsen eta Maialen Berasategiren itzulpenei esker.

Ez dakit ohartzen garen nolako zortea den zuzeneko informazioa bitartekaririk gabe jasotzea, eta ez dakit ohartzen garen zein apustu eta konpromiso den euskara halako erronken pare jartzea. Itzulpena borroka da, bai, bi aldeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.