Maite du telebista egiteko era batek kartzelatuaren azpigeneroa. Horretarako, baina, erantzi behar zaio zikin sozial oro eta, baldinbaitere, politika arrasto txikiena. Bere gordinean nahi da krimena, pertsona piztia bilakatzen delarik obratzen den hori, morborako bide ematen duen horixe, are hobeto sexu poxi bat bada tartean. Orduan pizten dira fokuak.
Bidasoa hegoaldera, Daniel Sancho espainiarrarena dugu, nahi gabe ere, etxeraino sartu diguten kasua. Bi maitale Thailandian eta gorpu bat hamalau zati eginda. Orduak eta orduak itzuliraulka hedabideak, baita bertokoak ere, ikuskizuna moldaturik, justizia sistema arrotz baten biktima gisa aurkezteko hiltzailea. Ze kartzelak hangoak! Gaixoa familia! Egon zaitez horien esku! Hiltzailea ez da, baina, edozein. Aktore ezaguna du aita, aktore ezagunagoa aitona.
Gatozen etxera eta moteldu argiak. Kendu sexua, gorde harakin ganibetak, eutsi familia ezagunari zein justizia arrotzari eta erantsi epai okerraren susmoa. Ez da egongo presorik Pablo Ibarrek bezainbeste ordu izan duenik euskal komunikabideetan bidegabeki kartzelaturik dagoela azaltzeko. Erabateko babes instituzionala eman zaio. Hala litzateke beste batzuk balitu abizenak Floridako presoak?
Seguru asko, Pablok ez du Pablo ezagutzen. Izan ere, Pablo Gonzalezek deus gutxi du alde defentsa mediatiko masiboa antola diezaioten. Ez dago hildakorik tartean, ez du familia pedigririk eta errematerako, exotismorik ez Europako Batasuneko espetxeetan. Sortzetikoa du bekatua, errusieraz daki eta, aizue, non dago Nabarniz? Erantsi gerra egoeran atxilotu dutela kazetaria, gaiztoen alde espioitzan aritzegatik, poloniar zerbitzu sekretuek esatera. Ez da batere frogarik aurkeztu baina bi urte beteko ditu barruan epaiketa egiterako. Epel fokuak, hutsa du geriza ofiziala.
Galdera berez dator: nork bideratzen dizkigu sinpatiak? Eta zeren arabera?