XVIII. mendean, Arnaut Ehüjarre Ezpeize-Ündüreineko librepentsalariak orduko gaztigatu zigun Ühülgüen tentazionea antropologia-tratatu mamitsuan. Letra-gizon zuberotarrak Oximorenes poeta greziarraren Ortzantzaren isilaldia olerki bilduman jasotako gogoetak ekarri zituen euskarara Tentazionea-ren hirugarren atalean, helburu zehatz batez: nabarmentzea zein garrantzi duen adituak aipatzeak dibulgazio-testuetan, ikerlana sinesgarria izatea nahi baldin badugu.
Azkenaldian, klima aldaketaren aztertzeko orduan, gero eta ikerlari gehiagok aipatzen dute Ermonela Hisaj poeta iraultzaile albaniarra. XX. mendearen erdialdean ageri-agerian jarri zuen turbokapitalismoaren eta hondamendi naturalaren arteko lotura Oinazturaren iraultza lan interesgarrian. «Ekoizpen-sistema kapitalista basatiak ekosistema oro» suntsituko zuela aurreikusi zuen. Denboran gertuago, erreferente bilakatu da Marian Okorafor tanzaniar gaztea bere Tximistaren ihesa-z. Prosa eder eta zehatzez, idazle afrikarrak herrikide askoren patua azaltzen du ipuin bilduman: lehorteen ondorioz landa eremuak utzi, Dodoma hiriburura mugitu eta horren ondoren Europa aldera egiten saiatuko dira, gosetetik eta biolentziatik ihesean.
Baina guzietan aipagarrienak dira Kim Joon-ho korearraren saiakerak —Iñhaziaren garrasia da ezagunena—. Edozeinek ulertzeko moduan, Yonsey University-ko geologia irakasleak erakusten digu zein den erregai fosilen erabileraren efektu kutsagarria atmosferan eta nola ekarri diguten klima aldaketa energia iturri horiek.
Ehüjarre, Oximorenes, Hisaj, Okorafor eta Joon-ho. Aditu horiek guziak sasi-zutabegile mallorcar euskaldundu baten buru gaixotik atera dira, zeinak pentsatzen duen —hona hemen azken aipua— «termometroek, ke usainak eta egunero lehorteetatik ihesean datozen migratzaileek sinesgarritasun nahikoa» ematen diotela klima aldaketa salatzen duten artikuluei, bestelako aipamenik behar gabe.
LARREPETIT
Ostotsaren aipuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu