Ernai gazte antolakundeak Tuterako aldirietan zegoen Osborneren zezen erraldoia eraitsi du. Urte luzez Batzarreko eta egun CCOOko kide Joseba Eceolazak sare telematikoetan esan duenari esker jakin dut zezen hura Manolo Prietok diseinatu zuela. Egiari zor, azken hamarkadetako gatazka armatuari lotutako irakurketetan eta egun kapitalismoak Nafarroan sortzen duen miseriaren inguruko analisian ez dut, ia ezertan, Eceolazarekin bat egiten. Haren atzoko mezua, ordea, guztiz pertinentea iruditu zitzaidan. Manolo Prietok 1956an Osborneren zezena diseinatzeaz gain, 1936ko Gerraren aurretik Milicia Popular taldean parte hartu zuen, PCEko militantea zen, komunista. Errepublika babestu zuen eta, Wikipedian irakurri dudanez, Altavoz del pueblo eta El Sol egunkari errepublikazaleekin kolaboratu zuen.
Ernaik, beraz, Espainiako artista antifaxista baten diseinu bat eraitsi du antifaxismoa aldarrikatzeko Espainiaren aurka. Espainiartasunaren aurka egote hori, berez, zeharo partekatzen dut; are gehiago, beti egin zait harrigarria giro abertzaleetan ze arrakasta izan duen beti Espainiako musikari, telebistarik eta literaturarik kutreenek. Bestetik, antifaxista batek hamaika lan arbuiagarri egin ditzake, besteak beste, lan indarraren truke, osasunean kaltea bakarrik sortu duen edari baten iragarkia. Alde horretatik, eskertzekoa da zezena eraistea. Besterik da, eta hau ez da soilik zezena eraitsi dutenen kontu bat, tamalez, Euskal Herriko progresismoan uste dela faxismoa Espainiako gaitz bat dela. Horretan ere, George Orwellengandik gertu sentitzen naiz. Historikoki, Hego Euskal Herriak faxismoa esportatu du izan karlista, falangista ala nazional-katoliko 1930etatik aurrera: miliziano sadikoak, militar konbentzituak, arkitektoak, ministroak, alkateak, nagusiak, aberatsak. Baina, gainera, inolako herririk ez dago faxismoa berriro garatzetik libre. Uste badugu Euskal Herrian faxismoa kanpotik ekarritako fenomeno bat dela, esango nuke ez gaudela adi jolas-parkeetan, tabernetan, osasun-etxean, eskolako sarreran, dendetan.