Igande goizaldean ordu bat gutxiago izango dugu lotarako. Edo parrandarako. Lanera joateko, berriz, ordubete lehenago jaiki beharko dugu. Oporretako buelta gogorra izango da. Gogorragoa.
Aurreko ordu aldaketak ere oporretan harrapatu ninduen. Ordua aldatu genuen, poltsikoko telefonoan. Ordubete aurreratu. Baina ez genekien telefono horrek aldaketa bere kasa egiten duela. Automatikoki. Hurrengo egunean bi ordu lehenago jaiki ginen.
Bada lanera ordubete lehenago joan denik. Hegazkina galdu duenik. TAO isuna jaso duenik. Ordu aldaketarengatik. Aldaketak gorputzean ere eragina duela diote medikuek. Loaren zikloan. Osasunean. Batzuek astebete inguru behar dutela ohitzeko. Besteek gutxienez egun pare bat.
2001etik Europako Batasun osoan ordu aldaketa derrigorrezkoa da. 1974tik aurrera hasi zen orokortzen. Petrolioaren lehenengo krisiarekin batera. Egun-argia hobeto aprobetxatzeko egin zuten. Argindar gutxiago kontsumitzeko. Ustez. Ez dela errentagarria uste baitute askok. Gasolina kontsumoa igo egiten dela udako ordutegiarekin.
Benetan aurrezten al da energia? Udako aldaketarekin badirudi zertxobait baietz. Argi ordu bat gehiago dugulako. Etxean argindarra ehuneko bost aurrezten dela diote. Eta neguan galdu genuena zer? Aldaketarekin, ordubete lehenago iluntzen zuen. Lehenago joaten ginen etxera. Lehenago pizten genituen argiak. Eta berogailuak.
Udako aldaketak bizipoza ematen duela diote batzuek. Ordubete gehiago dugula aire libreko ekintzak egiteko. Baina horretan ere berdin gaude. Neguan ordubete gutxiago izan genuen horretarako. Kanaria irletako ikerketa baten arabera, neguko ordu aldaketarekin hamarretik zazpi goibelago daude. Antsietatea handitzen da. Arreta txikitzen. Eta sexu harremanak urritzen. Eskerrak orain udakoa tokatzen den!

Larrepetit
Ordu aldaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu