Larrepetit

Orainean

2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ederra da bere kaxara ikasten ari den umeari begira egotea. Etzanda dagoela, eskutxoa mugitu du eta ikusi du bat-batean. Eskuak gero ikusmugatik alde egin dio eta jada ez dago. Umeak soinu batzuk egin ditu. Sehaskako zintzilikarioari begira geratu da eta, ukitu nahian, besoa luzatu du. Berriz agertuzaio begien aurrean! Eta berriz ikusi du. Mugitu du alde batera eta bestera. Behatz txikiak zabaldu eta serio begiratu die. Erreflexu bati erantzunez, beste eskua ekarri du. Eta eskuinekoak ezkerrekoa ukitu du nahi gabe. Halako batean, kontaktua sumatu du eta elkartu egin zaizkio biak ustekabean. Une batean lotuta izan ditu, baina handik gutxira, besoak zabaldu eta ihes egin diote alde banatara bi eskutxoek. Dagoeneko ez daude begien aurrean. Beraz, ez dira. Sehaskaren gaineko zintzilikarioak harrapatu dio arreta guztia orain. Kontu batzuk egin dizkio hegan dabilen trapuzko ahateari eta horretan pausatu du atentzio guztia tartetxo batean.

Neba etorri zaio eta ondoan zeukan txintxirrina astindu dio sudurraren parean. Gogo guztia hartara joan zaio. Handiak berehala alde egin du gelatik eta txikiaren begirada hegan zebilen erleari kateatuta gelditu da orduan.

Imajinatu dut zenbat neurona dabilzkion dantzan, nola ari diren lanean elkarri seinaleak bidaltzen; une honetan burmuinean sortu diren konexio elektrikoak; garun bigun gazte horretan jaio diren asoziazioak; horrek bihar ekarriko dion garapena; nola zutituko den hankatxoen indarraz; nola hasiko den oinez; nola esango dituen lehenengo esaldiak; egingo ditugun jolasak; handitzen denean izango ditugun solasaldiak; nola esango duen nire izena. Irudikatu dut...

Bitartean, umeak eskutxoak ekarri ditu berriro bere begien parera. Elkartu ditu behatz puntak. Barre egin dio eskuek sortu duten multzo lodikoteari... Baina, ordurako, ni urruti nengoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.