Larrepetit

Optimismo aroa

UXUE APAOLAZA
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit lehen sintomak nondik sortu ziren, edo biak batera izan diren, 15-Mtik edo Bilduren garaipenetatik, iturburuak horiek izanik baina berriro ere berdintzen gara Espainiarekin. Ni asaldatzen hasi nintzen artikulu bat irakurri nuenean poesia sozialaren itzulera iragarriz, plazetako mugimenduan parte hartuz ari ziren zenbaiten aleak adibide, eransteko gainera, pesimismoa lekurik gabe geratu dela, orain eraikitzeko garaia omen denez, eta niri hori kasik literatura onaren heriotza iragartzearen pareko iruditzen zait. Dena beltzago ikusi nuen gainera gurean Bilduren garaipenak euskal letretara ekarriko zuen konkordiarekin amesgaiztoen zorian. Horrekin nahikoa ez baina, eta ohartu gabe nengoen Donostiak Europako Kultura Hiriburu izateko aukera zuela, hiria artista irribarretsuz beteko zuena, artea ingenioagatik ordezkatu, kultura zera onbera, dekoratibotzat azaldu. Eta egin du, bada, ospatu egingo da Europa osoko umeen danborrada, komunak beteko dira poesiaz… eta ohera optimismo gaindosiz joan ostean, atzerapenez ikusi ahal izan dizkiot abantailak garaipenari. Juan Karlos Izagirreren sandaliak informatiboko lehen planoan, («paleto» jartzea falta zen), Rosa Aguilarren kexa, Belloch-enaren parekoa, erabakia politikoa izan dela esanez; susmoa sortzen dit zerbait okerra dela adierazteko «politizatu» egin dela esaten denean; Donostiako proiektuan bertan kulturari gizartea transformatzeko funtzioa ematen bazitzaion, planteamendua bera da politikoa; kexa horixe politikoen ahotik datorrenean, zur eta lur geratzen naiz, gogoz bainago noizbait 'politiko' hitza lorpentzat irakurtzeko. Baina plazer handien, alkatearen eta alkate ohiaren besarkada kenduta (niri ere malkoa atera zitzaidan ia), eta sandalietatik harago begiratuta Donostiako alkate berriaren elegantziaz gain, nire lankide eta tertulietako iritzi emaile zenbaiten erreakzio inbidiazkoak sortu dit, zeinak Donostiak irabazi izanaz poztera eraman nauen.Ohartzen naiz, ez dakit malaletxe honekin non sartuko naizen kaka ere arrosa koloreko izango den kulturaren alaitasun aro honetan. Non ez, gero eta gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.