Baldin eta lunpenarekin soilik bizi ez bazara, ezinezkoa da ez jakitea Nafarroa Garaian asteotan irakaskuntzako oposizioak direla.
Halako batean, testu ezin aproposago bat iritsi da Madrildik, Pablo Carmonak Zona de estrategia aldizkari politikoan argitaratua. Carmonak azaltzen du nola berriki Diputatuen Kongresuan PSOEk fitxa mugitu duen 2011tik hona izoztuta zegoen funtzionario berrien dinamika berriro ere martxan jartzeko. Testuan emandako datuak ez dira zehatz-mehatz izango Hegoaldean dauzkagun berdinak, baina planteatzen duen diagnosia eta ondorio politikoak zeharo baliagarriak dira. Populazioaren pobretze nabarmena gertatu da azken bi hamarkadetan eta belaunaldi gazteak kolpatu ditu bereziki. Baina Estatutik apustu bat egin dute, behintzat, belaunaldi guztiek beren funtzionarioak izan ditzaten. Europako azken mende erdiko historiak erakutsi du, beren lan baldintzetako hobekuntza zehatzak eskatzeaz gain eta gutxiengo entusiasta militante baten salbuespenarekin, funtzionario izatea kontserbadore fidel izateko molderik fidagarriena dela. Horregatik Carmonak dio «Espainiako krisi soziala hondoratze orokortu eta transbertsal gisa aztertzen duen oro huts egitera kondenatua» dagoela. Boommerrak jubilatuko dira baina beren postuek ordezko gazteak izango dituzte eta integratuko dira. «Integratu [esatean] ez da plano ideologikoko kontu bat, ez da sistemarekin ados egotea ala ez, ez da ezkerrekoa izatea ala ez, ez da ere epai etiko bat. [...] integratua izateak zerikusia dauka demokraziak eskaintzen dituen birsortze mekanismoetan parte hartzearekin, haren instituzionaltasunean ainguratzea esan nahi du eta onartzea jarraitu behar diren bideak –izan modu sinesberan, fedegabean ala zinikoan–».
Artikulua bera mamitsua da eta niri ezinezkoa egin zait Hegoaldeko egungo plano politikora eta artistikora ez ekartzea. Ez ote dauden, ustez fratrizidak diren eztabaida askoren atzean, funtsean, funtzionarioen (eta funtzionario izango direnen) aisialdiko pasioak.