Telefono konpainia baten publizitate kanpaina: «Ona da gauza berdin asko izatea». Ni ere saiatu naiz bizilagunari wifia lapurtzen. Ni ere bai! Nik ere ez nuen sakelako telefonorik nahi. Nik ere ez! Nik ere nahiago barran egotea, dantzan baino. Nik ere bai! Funtzionatzen du. «Talde» baten parte sentiarazten zaitu. Eta hori ona da. Ona da?
«Ona da gauza berdin asko izatea». Ni langabezian nago. Ni ere bai! Niri etxea kenduko didate. Niri ere bai! Nik ere egiten ditut ekologista itxurak. Nik ere bai! Ni egoista naiz. Baita ni ere! Ze ondo!
Gauza asko ditugu batean. Halabeharrez. Ona da denok berdinak izatea? Ez. Eta nahita ere ez genuke lortuko. Ona da talde baten parte sentitzea? Bai. Eta nahi gabe ere egiten dugu. Beharra daukagu. Sentimenduak partekatzeko. Izaki sozialak gara.
Ustezko talde hori publizitate kanpaina baten helmuga denean… sentipen kontrajarriak sortzen zaizkigu. Atzeko mezua entzun dezakegu: «Ona da zuek denok gure telefono konpainian egotea. Ona da, guretzat. Ona da zuek gurekin identifikatuta sentitzea. Ona da gure poltsikoentzat».
Nik ere esaten dut «Agur, Benhur». Nik ere bai! Identifikazioa euskalduntasunarekin ere lotu zuten kanpaina horretan. Beste batzuetan bezalaxe. Garagardoa, kafea eta esnea iragartzeko ere antzekoak erabili izan dituzte. Hori bai, ez dute beti asmatu. Gogoratu «Ni ere Kaiku naiz» polemikoa.
Sentimenduak saltzen asmatzea da publizitate agentzien lana. Produktuak baino gehiago, sentimenduak. Ez zaude bakarrik. Zoriontsua izan nahi? Edertasuna lortuko duzu. Gazte sentituko zara, erakargarri. Arrakasta dutenen taldean sartzeko aukeratzen ditugu autoak. Koloniak, xanpuak. Existitzen ez duten taldeen parte izan nahi dugu.
Ona da publizitatea eta errealitatea bereiztea.
Larrepetit
Ona da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu