Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Olibak + alardeak

2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ez dakit jakingo duzuen zer diren oliba bortxatuak, gaztelaniaz aceitunas violadas. Madrilen izan nuen oliba horien berri. Olibak hezurra izan beharrean, ozpin pepino batez zeharkatuak daude. Hau da, zulotik, oliba bera apurtzen eta zartatzen duen ozpin pepino bat sartzen diote, eta horri oliba bortxatua deitzen diote. Izen hori lehen aldiz entzun nuenean, eta oliba gaixo horiek platerean ikusi nituenean, flipatu egin nuen. Han gelditu nintzen ezin erreakzionatu, ingurura begiratu nuen, olibabortxatu horiekiko normaltasuna ezin jasan. Nola da posible izen hori normaltasun osoz erabiltzea? Norbaitek imajina dezake lehertuak aurkezten diren oliba plater bati atentatuen biktimak deitzea? Normaltasuna beldurgarria da, eta askotan oso hipokrita ere bada. Olibabortxatu gaixoak gure gizarteak bortxaketaren inguruan duen jarreraren erakusle dira, adierazgarri garrantzitsu bat.

Aurreko egunean, Hondarribian, alardea ikusten nuen bitartean, oliba bortxatuez gogoratu nintzen. Berriro ere nola da posible hori buruan, eta ondorio bera: alardea adierazle bat da. Arazo sakon baten erakuslea. Alegia, gizartean genero rol estereotipatuak eta matxistak noraino dauden errotuak adierazten duen erakusle bat. Kasu honetan, oliben kasuen antzera, oso bortitza egiten zitzaidan aurrean nuena ikustea. Shock sentsazio bera izan nuen; emakumeek eskopeta batekin desfilatzeko aukera babesten dutenek jasotzen duten biolentzia kantitatea hain da desproportzionatua, ezin baita egoera bera ulertu. Egoera hori normaltasunez estaltzen dutenak beldurgarriak dira.

Kartzelatik atera berri den Pituk, lotura zoro hauei buruz luze hitz egiten genuen bitartean, Madrilgo oliba bortxatuak eta alardeak gaurko idatzian lotzeko gai nintzen galdetu zidan. Hemen erantzuna: ez da zaila errepresio eta injustizia mota ezberdinak lotzea, askotan eskutik lotuak etortzen direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.