Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Olagarroaren tinta

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hizkera garbiaren benetako arerioa zintzotasun eza dela zioen George Orwellek 1946an. Horregatik jotzen omen dute politikariek hainbeste eufemismora, esaldi lausoetara. «Horrenbestekoa denean tartea benetako helburuen eta aitortzen direnen artean, ia nahi gabe erabiltzen dira hitz luzeak eta lokuzio higatuak, besteengandik babesteko tinta botatzen duen olagarroak egiten duen bezalaxe».

Aleak, nonahi ugaritu zaizkigu. Eta euskaraz, ez gara bestela ibili. Gehienetan auzo erdaretan erabilitakoak ekarri ditugu geurera, azalez bai, baina funtsean muina aldatu gaberik. Hala, krisia hitz zantarregia bihurtu zenean, atzeraldia deitzen hasi ziren, politikariak aurrena eta kazetariak haien orpotik, hura ere erabat zikindu zen arte. Orduan ekin zitzaion hazkunde negatiboa jendartean zabaltzeari.

Hiztegitxo moduko bat, lasai osa genezake hemerotekara jotzeke: hipoteken betearazte prozedura (etxetik kanporatzea); kanpo mugikortasuna (erbesteratzea); helbururik gabeko kontuz kanpoko jarduera (B kontuak); aitortu gabeko errenten tributazioa (amnistia fiskala); ordainketa partekatua (bitan ordaintzea); austeritatea (gastu publikoaren murrizketa)…

Azken perla, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zor diogu: «baliteke, hurrengo urteetan, nolabaiteko inpaktu negatiboa igartzea minbizia duten pazienteen biziraupenean». Nolabaiteko inpaktu negatiboa; harrapazank, Txiribiton. Olagarroeraz: gaixo gehiago hilko da. Horra kaka burutik behera egitea, baina zein era finean. Horrexegatik eskertu nahi diot Luistxo Fernandezi anaiari idatzitako obituario zoragarria: «2020ko pandemia zoroan, diagnostiko batek akaso gehiegi tardatu zuen, eta berandu aurkitu zioten sabeleko minbizia. Tratamendua berandu hasi zen».

Eta gordin esaten badugu? Hitzen tolesduretan gorde nahi dugun politikarien kudeaketa okerrarengatik hil da jende mordo bat azken hilabeteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.