Blanca Urgell

Oihaneder galdu eta

2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Gasteizko Montehermoso jauregia une labur batez «Oihaneder» izan zen, udalak jauregia «Euskararen etxea» bihurtu zuenetik eta etxe horrek ateak behin betiko itxi zitueino. Gogoratzen? Hauxe pena. Hainbat euskaldunen hainbat oroitzapen on euskal izen eder horrekin batera galduz joango dira erdararen oihanean.

Pena izenagatik, baina batez ere izanagatik pena. Asmoa argia zen: Oihaneder 2022ko ekainean itxi eta hurrengo urtean Ruiz de Bergara jauregian Kafe Antzokia zabaldu, Izaskun Arrue Kulturgunea izenarekin. Honela idatzi ziguten kudeatu behar zutenek, hots, Lazarraga Kultur Elkartearen arduradunek (2022-08-03): «Espero dugu abuztuan obrak amaitu, irailean lehiaketa bideratu eta urrian kulturgunerako lanekin buru-belarri aritzeko moduan egotea». Altzairuak falta zirela, halako edo holako baimena behar zela, hau dela eta bestea dela, Gorka Urtaran alkatearen azken urte osoa joan zen, eta Maider Etxebarriaren agintaldia hasi.

Hiru txito izan eta lau galdu. Euskal Etxea galdu genuen eta Kafe Antzokia lortu ez. Bitartean, kontzertuak hemen, filmak hor, hitzaldiak han, erakusketak hemen-hor-han, euskal jendeak bere bideak aurkitu ditu bi urte hauetan. Aukera galdu dugu? Arreta galdu dugu? Bihotza galdu dugu? Gogotik galdu dugu? Gogoa galdu dugu? Ozen adierazi ezean nork zer egingo du?

Bada garaia, uste dut nik, Etxebarriaren udal gobernuari eskatzeko (exijitu aditza debaluatua dela iruditzen zait, barka) Arrue Kulturgunea edo dena delakoa —ipin dezala berak izena, nahi balu— alderen alde zabal dezala euskaldunon kulturgune, sorgune, bilgune eta arnasgune izan dadin. Hala biz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.