Larrepetit

Odiseo

Garazi Goia.
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egunak izaten dira. Batzuetan egun euritsuak, eguzkia faltan botatzen dudan egun euritsuak. Besteetan egun eguzkitsuak, euria faltan botatzen dudan egun eguzkitsuak. Beste batzuetan ez dago aitzakiarik, sortu egiten da, usain batek pizten du, metroan ikusitako pertsona ezezagun baten irribarre batek, telefono dei batek, egunkariko iruzkin batek, oroitzapen batek. Itaka calling.Itaka deika hasten da.

Milan Kunderaren L'Ignorance liburuko lehen kapituluan nostalgiari buruzko gogoeta interesgarria egiten du. Nostalgia Grekoko nostos (sufrimendua) eta algos (itzulera) hitzen elkarketatik dator. Beraz, horren arabera, itzultzeko desira malenkoniatsuak sortzen duen sufrimendua litzateke nostalgia. Sufrimendu hori adierazteko, hizkuntza ezberdinetako hitzek esanahia sotilki aldatu egiten dute; adibidez, hizkuntza askotan norberaren herrira itzuli ezinak sortzen duen tristuraren esanahia bakarrik hartzen duela azaltzen du Kunderak, herrimina adierazteko erabiltzen dela nostalgia hitza. Niretzat esanahi ezberdina daukate biek:

Nostalgia: haurtzaroko oporraldia Oriñonen, alde zaharreko parranda haiek, lehenengo muxua, Londresera iritsi nintzen eguna, inozentzia. Iraganaren bila egindako irtenaldiak: parkera, Enid Blytonen liburuetara, gordetako eskutitzetara. Alegiazko itzulera, aurrera jarraitzeko indarra eta bultzadaematen duen hori.

Herrimina: ilobaren azalaren usaina, euskaraz bizitzea, familiarekin etxe azpiko terrazan bazkaltzea, hondartzari begira egotea, oparitu zidan musika albuma, ahaztu ezin ditudanekin denbora pasatu ezina. Itzultzen ez diren hegazkinak, hondoratzen diren itsasontziak.

Egunak izaten dira, gorputzaren aldarteak, egiten dizkidaten galderak; baina gaur atera da nire barneko Odiseo, barnean tatuaturik daramadan Itakaren bila. Askotan, Itaka aurkitzen du eta itzulera desbideratu egiten da. Beste Itaka bat azaltzen da. Oraingo Itaka, biharko Itaka…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.