Ander Perez Argote

Nork nori zer

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erregistro zibilaren eraikina ez balute Gazan suntsitu, baizik eta, demagun, 1939an naziek setiatutako Varsovian, edota japoniarrek Pearl Harborren, handik urte batzuetara Hollywooden ekoiztutako pelikula epiko samar bat izango genuke, bonben azpitik dokumentuak salbatzen aritutako boluntario sare bati buruzkoa, adibidez. Baina Gazan izan denez, eta Israelek erasota, asteroko zutabeetarako ideiak gordetzeko zeure buruarekin egindako Whatsapp taldean iltzatutako txio bat besterik ez duzu, eta hedabide konbentzionaletan albistea aurkitzeko zailtasun asko.

Rafah-n ez balitz izan, baizik eta, zer dakit nik, Kieveko merkatu zentralean, hamarkada gutxitan koadro bat legoke europar hiribururen bateko museoko galeria zentralean, Ogia izenburua lukeena adibidez, eta hamarnaka herritarrek ogi-barra bat lortzeko anabasaren eta desesperazioaren eszena jasoko lukeena.

Palestinakoa bere biktimek zuzenean kontatutako historiako lehen genozidioa dela entzun duzu sarri azkenaldian. Botere hori eman omen diete sare sozialek herritar arruntei, istorioak hedabide handien filtroetatik pasatu gabe kontatu ahal izatekoa. Beste kontu bat da, ordea, transzendentziarena, denboran zer iraunarazi erabakitzearena, edo noren ahotik bihurtzen diren gertakariak eraginkor eta erabakigarri.

Horregatik irudikatzen duzu kezkatuago bokadilo enpresa handi baten jabea, C. Tanganak gaztaroko lan esplotazioa kontatu eta «norbaiti nire musika gustatzen bazaio, ez dezala bere bizitzan Pans&Company puta batean berriz jan» esan duelako, Israelgo enpresa bateko ugazaba baino, milaka txiolarik eta herri mugimenduk egunero haren kontrako boikota eskatu izanagatik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.