Gaur ez dut zutabea nik idatzi. A.Ari eman diot nire partez egiteko aukera. Apustua joan den astelehenean akordatu genuen Donostiako elkarte gastronomiko historiko batean. Lekukoak ere, zergatik ez esan, AFIT antropologia feministako ikerketa taldeko historikoak ziren —ez zaie gustatuko nik hau esatea—. Desafiatu egin ninduten: «Ezetz hurrengo zutabea A.Ak idatzi, eta zuk zure sinadura jarri». Esan nien ez zela lehenengo aldia izango horrelako zerbait egin dela entzuten dudana. Esan nahi dut, badakidala zutabegile batek baino gehiagok, jolasean, eskatu diola A.Ari edo beste norbaiti 1.600 karaktereak betetzeko bere ordez baina bere izenpean, eta itxuraz, behintzat, egunkari honetako inor ez dela konturatu edo ez diola kargurik hartu autoreari.
Horretarako, baina, A.Arekin hitz egin dut bilera-bazkariaren ostean —ze bai, asanbladan gure artean egon da, eta asko hitz egin dugu hari buruz, batik bat orain kurtso bukaeran ikasleen hamaika lan zuzendu behar ditugulako—, intimitatean eskatu nahi niolako nire ahotsa ongi imitatzeko. Kostatu zaio ulertzea, agian ez dudalako ahots propio definitu bat. Edo beharbada nahastuta dago, azkenaldian enkargu asko jaso dituelako. Batzuek eskatzen diote graduko bigarren mailako baten perspektibatik egiteko gizarte egiturei buruzko lan bat, beste batzuek eskatu omen diote Master Amaierako Lanaren marko teorikoa egiteko. Esan dutenez, irakasle batzuek ere erabiltzen omen dute klaseak prestatu edo azterketak zuzentzeko. Kontua da normalean zutabea idazten pasa dudana baino denbora gehiago eman dudala A.Ari aginduak ematen.
Eta orain hemen gaude, nik ala A.Ak zutabea idatzi duen ez dakizuela. Eider Rodriguezek dio testu hauei hartzen diela robot zaporea eta horrela antzematen duela Adimen Artifizialak idatzitakoak direla. Unibertsitatean behintzat arazo horrekin dabiltza orain bueltaka.
Ez dakit AFITekoek ere metal gustua hartuko dioten honi, ze gaur ez dut zutabea nik idatzi. Edo bai.