Fewstonen izan da, Ingalaterran. Herrian museoa egiteko aldameneko kanposantua hustu behar eta, lurra harrotu zutenean agertu ziren. XIX. mende hondarreko 154 eskeleto guztira, gehienak ume eta gazteenak, izenik gabeko hobietan. Hilerri berean ehortzitako beste gorpuekin alderatzean asaldatu ziren Durham unibertsitateko bioarkeologoak. Oraintsu eman dituzte jakinaraztera emaitzak: ez ziren bertakoak eta hezurrak ez zetozen bat adinez berez behar zuketen neurriekin. Gorpuzkiek proteina gabezia salatzen dute, infekzioak, hanturak arnasbideetan. Deus gutxi balio duten datuak forentsearen kameraren objektiboa zabaldu eta interpretazio historikorik egin ezean: esplotazioak hildako haur, nerabe eta gazte migranteak dira, muturreko bizi-baldintzetan lanera behartuak.
Iraultza Industrialak erabat mudatu zuen Ingalaterra ez ezik, Europa ere. Zer aurrerapen ekarri zituen modernitatea posible izan zedin, Txirritak Norteko ferrokarrilaz bezain miraturik azaltzen dugu eskoletan: lurrun-makina, argindarra, tximiniak ozeanoetan alderik alde… baina bake-sozialaren izenean, ekintzaileen adorea loratuz eta alderdirik itsusienak gordeta maiz. Ez gaitezen Fewstonetik lekutu. Udal artxiboan, fabriketako nagusiek Londreseko haurtzaindegiekin eginiko kontratuak daude, doaneko esku-lana bidal ziezaieten.
Gure zibilizazioaren istorio gazi-gozoa, Oliver Twist-en telebistarako edozein bertsiotan errendi dezakeguna, denbora orain geratzera. Ez dugu, ordea, askorik ikasi ez bagara gauza proiekziorik egiteko. Eta saiatu beharra dago, saiatu beharra dagoenez, ezen «informazioaren garaiotan» nekez emango baitzaigu biderik jakiteko biharko Fewstoneko hezurrak non dabiltzan gaur egun, nola bizi diren eta batez ere, nor gizentzeko. Eta agertzekotan, erruki eragile, baina helburu bihurtua dugun hazkunde ekonomikoarekin loturarik gabe, baldinbaitere.
LARREPETIT
Noren bizkar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu