Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Norbere buruaz

2013ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Nolakoa zara? Defini ezazu zeure burua. Laburbildu zeure bizitza. Desioak, afizioak. Pufa... Zaila da norbere buruaz hitz egitea, ezta? Deseroso sentiarazten gaitu. Nartzisista. Ez ditugu hitz aproposak topatzen.

Baina egunero egiten dugu. Oharkabean. Berriketan jarduten dugun denboraren ehuneko 30 eta 40 bitarte geure buruei buruz hitz egiten pasatzen dugu. Edo gure iritzia ematen. Hori dio, behintzat, Harvard unibertsitatean egin zuten ikerketa batek. Are gehiago: beharrezkoa ei da hori egitea. Pertsonen arteko harreman sarea horrela ehuntzen da.

Geure esperientziak kontatzen gabiltzanean, garuneko eremu jakin batzuk aktibatu egiten dira. Eta dopamina jariatzen dugu. Plazeraren hormona. Horrek satisfazioa sortzen du. Jateak ala sexuak ematen duenaren antzekoa.

Geure kontuez aritzeak, beraz, kitzikatu egiten gaitu. Ondo sentiarazten gaitu. Baina zer gertatzen da denbora tarte hori ehuneko 40tik gorakoa baldin bada? Ba pertsona astuna gertatzen dela. Elkarrizketa-kideari ez dio bere ehunekoa erabiltzen uzten. Eta horrek frustrazioa eragiten du, noski. Asperdura. Eta, bitartean, bestea orgasmorako bidean… beti.

Badago jendea elkarrizketak bakarrizketa bihurtzen trebea dena. Beti du zerbait esateko. Gaia edozein dela ere. «Ba niri ere gertatu zitzaidan... txau-txau-txau». Hori bai, denbora tarte oso txikian hitz egitea ere ez da ona. Pertsona isilak ere asko daude. Beraien sentimenduak adierazten ez dituztenak. Sexua, janaria... non aurkitzen ote dute plazer dosia? Interneten, beharbada? Izan ere, sare sozialetan, geure kontuei buruzko ehunekoa 80ra irits daiteke. Bikoiztu egiten da.

Pertsonen artean konplizitatea dagoenean, zein polita den mundua konpontzen aritzea! Atxagaren poemak dioen bezala, une horietan egun finlandiar bat nahiko genuke. Luze-luzea. Hizketan jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.