Larrepetit

Nora joan zaizkizu izenak?

2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nik ama esaten dizut eta ez dakit zer ulertzen duzun zuk. Hamaika aldiz kontatu didazu jaio nintzenean ospitaleko jaioberrien gelako politena nintzela, baina orain ama esaten dizut eta ez dakit zer den hori zuretzat.

Ahaztu dituzu gehien gustatzen zitzaizkizun istorioak eta jada ez dakizu nola egiten diren zapaten korapiloak, hainbestetan lotu zenizkigun hori. Urrutira, oso urrutira, ihes egin dizute oroitzapenek eta ekartzen dituzunak inoiz bizi izan ez duzunarekin lotuta etortzen dira. Iragana eta etorkizuna une bateko orainean galdatu zaizkizu.

Nora joan zaizkizu izenak? Zerez eginak daude zure isiluneak? Nork josten ditu zure ametsak? Zein doinuk kulunkatzen dute zure loa? Non trabatu dira zure jakintzak? Nondik etorri zaizu inork zuretzat eskatu ez duen hutsune hori?

Uko egiten diot bizimodu horri. Ez dut zuretzat nahi. Madarikatzen dut izaera honetara ekarri zaituen gaixotasuna.

Galdutako guztia non gorde den deskubritu nahian, begietara begiratzen dizut eta irribarre egiten didazu. Orduan, etxe ondoko zuhaitzari begira jartzen zara eta, txundituta, haizeak nola astintzen duen kontatzen didazu, orain, geroxeago berriz, eta beste behin... leihotik begiratzen duzun bakoitzean.

Kalera irteteko, besoa ematen dizut eta eskuarekin lotzen didazu: «Fuerteegi heltzen dizut?», galdetzen didazu beti. Poliki joaten gara, dagoeneko ez baita presa existitzen. Abioi batek zeruan utzitako arrastoak aho zabalik uzten zaitu. Kaleko autoekin harritzen zara: zenbat eta ze distiratsuak. Ume bat ikustean aurpegia argitzen zaizu eta ezin hari keinua egin gabe pasa. Auzokoak hurbiltzen zaizkizu eta atseginez hartzen dituzu; «hau zortea jende on artean bizitzea», errepikatzen duzu behin eta berriz.

Eta halako batean, kasualitatez bailitzan, nire izena esaten duzu. Jaioberrien gelara nire bila etortzen zinenean esaten zenuen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.