Julio Soto.
Larrepetit

Nobelak

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Europako Batasunak badaki bere mugen barruan torturatzen dela. Inkomunikazioa praktikatzen dela. Badaki presoak irainduak eta mehatxatuak izaten direla. Poltsa baten barruan sarrarazten zaiela burua, oxigenoa agortzeraino estutu eta herio deiadarka hastean baino ez dutela laxatzen. Elektrodoak erabiltzen direla. Saihetsak apurtzeraino jotzen dituztela. Deklarazio faltsuak sinarazten dizkietela. Errugabeak preso daudela. Badaki legearen eta giza eskubideen aurkako espetxe politikak egiten direla. Presoen senideak biluzarazten dituztela. Etxera bueltan bidetik aterarazten dituztela. Badaki.

Eta badaki bere mugen barruan hizkuntzak eta hizkuntzak daudela. Eskubidedunak eta gabeak. Badaki hizkuntza tirokatuak, atxilotuak, jazarriak, odolustuak daudela.

Europako Batasunak badaki bere mugen barruan bizi direla munduko arma esportatzaile handienetako batzuk. Saltzen dituztela armak herrialde txiroetan, gatazkatsuetan. Segi dezaten izaten txiro eta gatazkatsu. Eta eurak aberats. Egon daitezen bi mundu. Nagusienak eta morroienak. Badaki Irak eta Afganistango gerrateetan parte hartu zutela bere mugen barruko soldaduek. Bertan jarraitzen dutela. Saldu zizkiotela armak Muammar Gaddafi zenari. Eta armak saldu zizkioten berak izan zirela haren aurka borrokatu zirenak. Segi dezaten izaten txiro eta gatazkatsu. Eta eurak aberats.

Europako Batasunak badaki bere mugen barruan gauzatzen den politika ekonomikoak heriotza arteko zigorrera kondenatzen dituela biztanleak. Badaki bere mugen barruko estatuak hondoratzeak zenbat diru irabaztea esan nahi duen. Badaki gero eta gehiago direla hilabete bukaerara iritsi ezin diren familiak. Gerran bizi diren familiak. Gero eta gehiago direla urratzen diren eskubide sozialak. Badaki.

Berriki eman diote Europako Batasunari Bakearen Nobel saria. Nobela sari batera aurkezteko istorio polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.